Zorionak!

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 21a, 02:00

Lerro hauen bitartez zorionak eman nahi dizkizuet 2008ko udal aurrekontua aurrera ateratzeko adostasun batera iritsi zareten EAE/ANV eta EBko alderdikideei. Zoriondu nahi zaituztet, bai bata eta bai besteak herriaren nahia zein izan den ondo ulertu duzuelako. Hernanik egonkortasuna merezi du eta udaleko aurrekontuak onartuak izatea garrantzitsua da. Azken udal hauteskundeen emaitzek garbi adierazi zuten gehiengoak zer nahi zuen: batetik, EAE-ANVk ia botoen %50 lortu zituen eta bestetik EB/Aralarrek %10 inguru. Nabarmen zigortuak atera zirenak EA eta EAJ dira, bien artean botoen %20 osatzen baitute eta 1.000 boto galdu zituzten aurreko udal hauteskundeen emaitzekin konparatuz. Beraz, orain gobernatzeko ardura du EAE-ANVk eta gainontzeko alderdiek beraien ondorioak atera behar dituzte. Nire iritziz, PSE-EE, EAJ eta EA alderdietako arduradunek akats nabarmenak dituzte eta berauen artean txarrena «politikari profesional» izateko joera da (batzuk 20 urtetik gora daramatzate politikaren kontura bizitzen, beste inon ez dute lanik egin). Berdin da hernaniarren borondatea zein den; beraiek politikatik bizi behar dute nahi eta nahi ez; berdin da Hernanin bizi edo ez; berdin da euskara jakin edo ez; berdin da herritarrengatik gertu izan edo ez; hauek poterea nahi dute kosta ahala kosta. Bukatzeko, udal gobernuan zaudetenoi, animo eta eutsi goiari!


Xabier Otaegi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!