Gizarte parte hartzeari buruzko ikastaroa datorren astean, Baketik elkarteak antolatuta

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 21a, 02:00

BAKETIK elkarteak antolatuta gizarte parte hartzeari buruzko ikastaroa izango da datorren astean, maiatzaren 27, 28 eta 29an. Egitasmoa Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza jaso du. Ikastaroa arratsaldeko 19:00etatik 21:00etara izango da, Biteri kultur etxean. Jakinarazi dutenez izena emateko aukera badago oraindik eta horretarako telefono honetara deitu daiteke: 943 25 10 05. Baketik elkartetik azaldu dutenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak aurtengo legealdian parte hartzearen inguruko ahalegin berezia egin nahi du, politika kultura berri bat bultzatuta. Besteak beste, ikastaroak antolatzen ari da leku batean eta bestean, eta helburua da gizartea eta instituzioen artean dagoen distantzia txikitzea, demokrazian sakonduta».

Teoria eta praktika
Teoria eta praktika landuko dira ikastaro honetan. Aurreneko egunean gizarte parte hartzearen teoria landuko dute: parte hartzea zer den, nola parte hartu daitekeen eta zergatik hartu behar den parte. Bigarren egunean, Euskal Herri mailan ematen den parte hartzearen argazki edo diagnosi txiki bat egingo dute, orokorra. Horrekin batera parte hartzean aditua den pertsona batek adibide batzuetan sakonduko du: berak gizarte parte hartze prozesu horietan izan duen esperientzia azalduko du. Hirugarren egunean, tailer bat egingo dute. Parte hartzea gatazkari lotuta dagoela azalduko dute. Eztabaida batean pentsamendu ezberdinak daudenean modu positiboan aurrera egiten irakatsiko dute, eztabaidan blokeatu gabe. Hainbat metodologia ere plantetuko dituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!