HERNANIKO Udalak zaborrak noiz eta nola bota behar diren gogorarazi nahi izan die herritarrei eta merkatariei. Bestalde, altzariak eta tresna haundiak nola erretiratu azaldu du, baita kolore ezberdinetako kontainerretan zer bota behar den ere bai. Azkenik denda ezberdinek zaborrak noiz eta nola bota behar dituzten azaldu du.
Tresna haundiak eta altzariak
Etxeko tresna haundiak eta altzariak ezin dira edozein egunetan erretiratu. Udalak azaldu duenez, aldez aurretik, 943 33 23 11 telefonora deitu behar da eta tresnak non utziko diren azaltzeaz gain, tresna kopuruaren inguruko informazioa ere utzi behar da erantzungailuan. Altzariak astearte gauetan utzi beharko dira kontainer ondoan. Bide batez, gogorarazi dute, ahal dela, kontuz ibiltzeko, tresna haundiek ez dezaten espaloi osoa hartu.
Kontainer ezberdinak nola erabili
Etxean sortzen diren hondakin ezberdinak nola bota behar diren ere gogorarazi du Udalak. Zaborrak ondo itxitako plastikozko poltsetan bota behar dira kontainerretara, arratsaldeko 19:00etatik 22:00etara. Poltsak ondo itxita egon beharko dute, jariorik gabe. Zaborrak behar bezala ez botatzeagatik lurrean zerbait geratzen bada, sortutako zikinkeriaren erantzulea erabiltzailea dela azaldu du Udalak. Horrez gain, Udalak eskatu die herritarrei gaika sailkatu daitezkeen zaborrak, bakoitza bere kontainerrean botatzeko:
• Edukiontzi urdina: etxeetako paper eta kartoia jasotzeko bakarrik erabiliko da. Ezingo dira bertan sartu enpresa eta merkataritza guneetako paper eta kartoiak.
• Edukiontzi horia: plastikozko, metalezko eta brick ontziak biltzeko bakarrik erabiliko da. Edukiontzi horian ezin dira honako gai hauek sartu: jostailuak, elektrogailu txikiak, biberoiak, gomazko eskularruak, orraziak, hortzetako zepiloak, eltzeak, zartagina eta etxerako gainerako tresnak eta orokorrean aipatutakoen antzekoak diren elementuak.
• Edukiontzi txiki horia. Pilak: botoi pilak eta ohiko pilak jasotzeko erabiliko dira.
Merkatarientzako kartoia jasotzeko zerbitzua
Merkatariei dagokienean, Udalak garbi utzi nahi izan du, lehen aipatutako kontainerretan dendek ezin izango dutela kartoirik utzi. Honen harira, azaldu du, kartoi kopuru haundia sortzen duten dendek eskura dutela atez ateko zerbitzua, debalde, San Markos Mankomunitateak eskaintzen duena. Kartoi bila asteartean pasatzen dira, dendaz denda, goizeko 09:00etatik aurrera. Zerbitzua jasotzen ez dutenek lehenbailehen eman behar dute izena, zerbitzua jasotzen hasteko. Irekitzen den edozein denda berrik zerbitzu honetan izena eman beharko du, jarduerako udal baimena eskuratzeko.
Fruta dendak
Fruta denden kasuan, Udalak aipatu du dendetatik sortzen diren plastiko edo kartoizko ontziak ezin direla bide publikoan edota kontainerretan utzi. Ontziak Lasarten horretarako prestatutako Merkabugati zonaldera eraman behar dira, edo bestela, ohiko hornitzaileari itzuli. Fruta eta barazki hondakinak, zuzenean eta inolako ontzirik erabili gabe, bota beharko dira ohiko edukiontzira. Hau 20:00etatik 22:00etara egin behar da. Udalerrian fruta denda berri bat irekiko balitz, orain arte azaldutakoak bete beharko ditu.
Zenbait ohar Altzariak
Astearte gauetan utzi behar dira. Aldez aurretik telefonoz deituta: 943 332 311
betiko kontainerra
Poltsak ondo itxita bota behar dira, eta 19:00etatik 22:00etara.
merkatarien kartoia
Eskura biltzen da, debalde,
asteartero, 09:00etatik aurrera. Aldez aurretik izena eman behar da. Merkatariek ezin dute kartoia edukiontzi urdinera bota.
fruta dendak
Ontziak eta plastikoak Lasarteko Merkabugatira eraman behar dituzte, edo hornitzaileari itzuli.
Frutak eta barazki hondarrak zuzenean kontainerrera bota behar dituzte, poltsa edo ontzietean sartu gabe. 20:00etatik 22:00etara.