Apaizetxeari eta auzo-udalari buruzko batzarra larunbatean, Ereñotzun

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 20a, 02:00

BATZARRA deitu dute Ereñotzun larunbaterako. Apaizetxe berritua izango da batzarreko gaietako bat. Apaizetxea, eliza ondoko eraikina, Elizarena da eta urte jakin batzuetan auzoari utzi dio erabiltzeko. Apaizetxeko obretako lehenengo fasea duela gutxi bukatu dute, eta auzolanean garbitu eta txukun-txukun utzi ondoren, prest dago ikusteko eta erabiltzeko. Egindako lanaren emaitzak ikusteaz gain, eraikinari zein erabilera eman ere eztabaidatuko dute. Auzo-udalaz ere hitz egingo dute batzarrean. 2006an Hernaniko Udalak plenoan onartu zuen auzo-udalaren prozesua martxan jartzea Ereñotzun. Auzo-udala Hernaniko Udalak Ereñotzun izango lukeen delegazio moduko bat izango litzateke, bere konpententzia, baliabide eta aurrekontuarekin. Momentuan auzo-udala zein baldintzatan gauzatuko litzatekeen negoziatzen ari dira. Batzarra goizeko 10:30etan izango da, Apaizetxean. Auzotar guztiak gonbidatu dituzte.

San Antoniotako kartela
Bestalde, laister izango diren San Antonio jaietarako prestatzen ari dira Ereñotzun. Aurten lehenengo aldiz antolatu dute jaietarako kartel lehiaketa eta dagoeneko erabaki da zein den irabazlea: Okene Abrego. Ereñotzuko auzo elkarteak finalera iritsi diren beste bi lan ere aipatu nahi izan ditu, Jon Mari Beasainena eta Leire Lunarorena, hain zuzen. Auzo elkarteak eskerrak eman nahi izan dizkie parte hartu duten guztiei eta animatu nahi izan ditu datorren urtean berriro ere aurkezteko. San Antoniotako programa laister argitaratuko da eta bertan ikusi ahal izango da kartel irabazlea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!