ETzi, asteazkena, hasiko da Txalaparta Festa, Oreka TX taldearen emanaldiarekin. Harkaitz Martinez eta Igor Otxoak osatzen dute Oreka TX taldea, eta Nomadak TX filmaren aurkezpena egingo dute, arratsaldeko 19:30etan, Biterin. Hurrengo emanaldia ostiralean izango da, Sestaoko TX eskola taldearen eskutik: Hiru ipuin, liburu bakarra. Gaueko 24:00etan, urteroko emanaldia bihurtu dena entzun ahal izango da Atxur tabernan, txalaparta eta musika diskoa nahastuta: Txalaparta Party Aparta.
Egun haundia larunbata
Txalaparta Festako hirugarren eta azken eguna larunbatekoa izango da. Arratsaldeko 18:00etatik aurrera, festa izango da kalean eta txalaparta erromeria; alegia, txalaparta saio libreak izango dira, eta inguratzen diren txalapartari guztiek elkarrekin jotzeko aukera izango dute. Gaueko 21:00etan, herri afaria dago eta ondorenean Txalaparta Festa izango da.