batean nahiz bestean. Gaia aldatuz, eskaladak bidaiatzeko aukera eman dizu. Nongo harkaitzetan ibili zara? Espainia aldean asko ibili naiz. Baita Austrian, Polonian eta leku gehiagotan ere. Baina gehien inpresionatu ninduena Txinako egonaldia izan zen. 17 urterekin Txinara joatea berezia izan zen.
Txinakoa munduko txapelketa izan zen. Espainiako selekzioarekin joan behar izan zenuen. Euskaldun asko joan ohi da Espainiarekin?
Txinan ni izan nintzen euskaldun bakarra. Baina Austrian adibidez lau egon ginen. Orain Diman Euskal Herriko selekzioarekin parte hartuko dut. Eta noski, gusturago joango naiz Espainiakoarekin baino, baina munduko txapelketan parte hartzea izugarrizko aukera da. Joatea edo ezer ez egitearen artean, joatea aukeratu nuen.
Eskalatzetik bizi ahal izatea nola ikusten duzu?
Ia ezinezkoa da. Akaso, eskalada munduan lan eginda bizi zaitezke; entrenatzaile bezala, ikastaroak emanez eta abar. Bestela, badakit patrozinatzaileek emandakotik ezin dela bizi, ez baita ia ezer izaten. Eskalada praktikatzetik bizi direnak oso gutxi dira munduan.
Etorkizuneko kontuak alde batera utzita, asteburu honetan bi txapelketatan parte hartuko duzu.
Larunbatean (maiatzak 17) Dimako plazan jokatuko den txapelketan parte hartuko dut. Euskadiko Kirol Eskalada Txapelketa izango da. Eskalatzeko panel batzuk jarriko dituzte plazan eta bi ataleko proba izango da. Finalerdietan, bi ibilbide egin beharko dira flash moduan (parte-hartzaileek ikus dezakete gainerakoek nola eskalatzen duten). Onenak finalera pasako dira eta horien artean dueluak egingo dira, hau da, bi parte-hartzaileren arteko kanporaketak bide bakarrera. Horrela, txapeldun bat geratu arte. Bestalde, igandean Dima Rock Master-a izango da Dimako kobazuloan. Bertan, Euskal selekzioarekin parte hartuko dut mundu osoko eskalatzaileek osatutako konbinatu baten kontra.
Azken txapelketako emaitza ikusita, zein espektatibarekin zoaz oraingora?
Aurreko txapelketa, Zarauzkoa, boulderra izan zen eta hau kirol eskalada da. Lehen esan bezala, ez da gauza bera. Zarautzen parte hartutako jende gehiena sokarekin hobeto aritzen dena da eta, gainera, nik uste dut Euskal Herrian maila altuagoa dagoela soka-eskaladan. Hala ere, orain Rodellarren (Huesca) aritu naiz eskalatzen eta erresistentzia lantzen. Ikusi egin beharko da zer gertatzen den.