Añarbeko uren gestioa daraman ‘Aqualia’ enpresako langileek salatu dute, bi konbenio desberdin aplikatzen zazkiela lan bera egiten duten langileei

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 18a, 02:00

Aspaldi salatu zuten egoera, baina ezer ez dela aldatu nabarmendu dute. Enrique Noain Presidentearen dimisioa eskatu du komiteak «arazoa konpontzeko lan egin beharrean, langileen ekintza guztiak deslegitimatzen eta zikintzen saiatu delako». Maiatzaren 14an paroa egin zuten eta maiatzaren 29rako ere deitu dute.

Añarbeko Uren gestioa daramakien Aqualia Gestion Integral del Agua enpresako langileek lanuzteak eta kontzentrazioak deitu dituzte, beren lan baldintzak direla eta. Joan den asteazkenean lau orduko lanuztea egin zuten eta Donostiako Udaletxe aurrean kontzentrazioa. Horrez gain, maiatzaren 29an beste lanuzte bat deitu dute, goizeko 08:00etatik 13:00etara. Hiru puntu dira erabaki hau hartzera behartu dituztenak, langileen komiteak prentsa ohar batean zabaldu duenez:

1) Soldata desberdinak
Añarbe-Añarbeko Urak SA (Agasa) enpresa publikoak subkontratatuta Aqualia enpresak eramaten du uraren esplotazioa eta mantenimendua; alegia, berak dira ur garbia potabilizatu, eta banatu eta ur zikina bildu eta garbitzeko ardura dutenak, Hernani, Donostia, Errenteria, Astigarraga, Oiartzun, Urnieta, Usurbil, Lasarte, Pasaia eta Lezoko herrietan (350.000 biztanle inguru). Guztira 77 langile dira, eta bi konbenio aplikatzen direla salatu dute, eta horrek 3 soldata eskala sortzen dituela, 55 egun arteko jornada desberdintasunak urtean, baja, lizentzia eta abar luze bat. Plantilaren %40k, 1.000 euroko soldata duela nabarmendu dute «urteko 365 egunetan 3 turnotan lan eginda». Hiru urte daramazkite soldata igoera gabe «ezta KPIa ere».

2) Oinarriak bete ez
Enpresako langile komiteak egiten duen beste salaketa bat da, badirela bi urte Agasak eta Aqualiak ez dituztela betetzen adjudikazio pleguetako oinarriak «txantaje moduan», eta langileei 300.000 euro inguru zor dizkietela.

3) Sententzia errekurritua
Langile komiteak gogorarazi du, 2007ko urriaren 17an, Donostiako Lan Arloko Epaitegiak sententzia eman zuela eta honela diola (gazteleraz): No ha de lugar a la aplicación de doble escala salarial a los trabajadores de Aqualia. Langileek diote enpresak errekurritu egin duela sententzia «dirudienez ulertzen ez dutelako».

Presidentearen dimisioa
Aqualiako langileek Enrique Noain Agasako presidentearen dimisioa eskatu dute, aurrez egin zuten moduan «bere erantzukizuna hartu beharrean, Aqualia subkontrataren eskudopean, langile ordezkaritza legalaren ekintzak deslegitimatu eta zikintzen saiatu baita, Agasako administrazio kontseiluan batatetik eta Udaletxeetara kartak bidalita bestetik». Erremedioa Oraingo egoerak erremedio erraza duela nabarmendu du Langile komiteak: «2002an lortutako akordioari helduta metaleko konbenioa aplikatzea langile guztiei, gaur egun plantilaren %60ari aplikatzen zaion moduan. Eta horren esan nahiko luke, Aguas de Guipuzcoa-Gipuzkoako Urak enpresako eta Txingudiko zerbitzuetako langileek, gure lan bera egiteagatik dituzten baldintza berdinak izango genituzkeela».

Lanuztearen eraginak
Lanuzte hauek ur garbiaren horniduran ez dute arazorik sortuko komitearen hitzetan, baina ur zikinen kasuan itsasora isuriren batzuk izan litezkeela jakitera eman dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!