Eusko Alkartasunak zaborraren gaiaren inguruko keja azaldu du Hernaniko Kronikara bidalitako ohar batean. Iñaki Arratibel EAko Udal zinegotziak azpimarratu du «gardentasun falta» erakusten dutela Udal agintariek zaborraren gaian: «Duela hilabete, Zerbitzu Publikoetako Batzordean zaborraren inguruan San Markos Mankomunitateak daraman politika azaltzeko eskatu zuen EAk. Hilabete pasa da eta Zinegotzi-Delegatuak minutu erdiko prentsa laburpen baten bitartez erantzun digu», azpimarratu du.
Eztabaida lasaia
Gobernu taldeak «demagogia itzela» egiten du zaborraren gaian Arratibelen ustetan. Honela azpimarratu dute: «gizarteak sortzen dituen zaborrekin zer egin behar den jakiteko, eta gizarteratzeko, eztabaida lasaia eta gardena egin behar dugu, eta horretarako informazioa ezinbestekoa da. Udal gobernuak eztabaida hori ukatu egin nahi du, eta horren lekuko da informazio falta. Hori bai, erabakiak hartzerako garaian beste alderdien ardura politikoa eskatzen dute, bien bitartean arduragabekeria ikaragarria erakusten duten bitartean».
Zenbait galdera Eusko Alkartasunak informazioa eskatzen jarraituko duela azpimarratu du Arratibelek eta zenbait galdera luzatu dizkio Gobernu taldeari: - «Zein da hernaniarrek sortzen ditugun zaborrentzako planteatzen duzuen alternatiba?» - «Duzuen alternatiba noizko aurreikusten da martxan jartzea?» - «Alternatiba hori onartu baino lehen, zein prozesu partehartzaile jarriko duzue martxan?» .