Elektrizistak: ezagupenak berritu eta instalatzaile titulua lortzeko ikastaroa

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 16a, 02:00

IKARAGARRIA da azken urteetan teknologiak hartu duen abiadura, eta profesional askori, elektrizistei esaterako, txiki geratu zaizkie garai batean ikasitakoak. Bestalde, zenbait lan egiteko beharrezkoa da instalatzaile karneta. Arrazoi guzti hauengatik elektrizistei zuzendutako ikastaroa antolatu dute Hernani Institutuan. Ikastaroak arratsaldez izaten dira, elektrizistek lana eta ikasketak uztartzeko erraztasunak jartze aldera. Kurtsoak hiru urteko iraupena du osorik egin behar izanez gero, baina zenbait gai konbalidatu daitezke: ‘Hobetuz’ programaren bidez gaiarekin lotutako ikasketa eginez gero, edo gai horren inguruko esperientzia profesionala izanez gero. Ikasketak bukatu ondoren, Ekipo eta Instalazio Elektroteknikoen Erdi Mailako Zikloko titulazioa lortzen da. Titulo horrekin instalatzaile karneta eskura daiteke, zenbait lan egiteko beharrezkoa.

«Merezi du»
Ikastaroan dabiltzan elektrizistek diote batzuetan gogorra dela lana eta ikasketak uztartzea, gainera asko autonomoak dira eta lan ordu horietan ezin dute lanik aurrera atera. Hala ere, merezi duela uste dute ikastaroan dabiltzanek, ezagupenak berritu egin behar direla uste dute, sektore honetan jarraitu nahi bada: «Esate baterako eraikin berri guztietan eguzki plakak jartzen ari dira eta horri buruz ikasi beharra dago» azaldu dute.

Hobetuz: langileentzako ikastaroak

HOBETUZ fundazioak antolatuta, mekanika eta elektrizitate-elektronika arloko ikastaroak daude lanean diharduten pertsonentzako. Ikastaro gehienetan ikasten da,  bakoitzaren lanbidean, ordenagailua, teknologia berriak eta programa berriak aplikatzen ikasten da.  Jesus Ezkerrok azaldutakoaren arabera, ikasitakoak berritzea gaur egun ezinbestekoa da lan merkatuan: «esate baterako, Asiako herrialde batean pieza bat merkeago eta azkarrago egiten badute, ezin zara atzean geratu, horretarako teknologia berriak aplikatu behar dira eta horiek erabiltzen ikasi».
Orain arte urtero 100 bat ikasle izan dira Hobetuz ikastaroetan. Guztira 30 edo 60 orduko ikastaroak izaten dira, bi edo lau astetan egiteko modukoak. Matrikulazioa Hernani Institutuan egin behar da, irailean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!