Ikasitakoa eguneratzeko edo lan munduan sartzeko aukera

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 17a, 02:00

KURTSOA bukatzen ari den honetan, Hernani Institutuan araututako heziketaz kanpoko kurtsoetan dabiltzan ikasle eta irakasleengana jo dugu. Batetik, kurtso bukaera honetan ikasitakoaren zein balorazio egiten duten jakiteko, eta bestetik, interesa duenari datorren urtean zein kurtso egin dezakeen azaltzeko. Hiru multzotan sailka daitezke heziketa ez arautuan Hernani Institutuan ematen diren ikastaroak: langabezian dauden pertsonentzako edo lanez aldatu nahi duten pertsonentzako mekanika edo elektrizitate ikastaroak; lanean diharduten elektrizistentzako kurtsoa, erdi mailako zikloko titulua eta instalatzaile karneta ateratzeko; eta azkenik Hobetuz Fundazioak antolatutako ikastaroak, mekanika eta elektrizitate-elektronika arlokoak, langileei zuzendutakoak. Ikastaro gehienak debalde dira eta matrikula irailean egin behar da.


Langabetuentzako edo lanez aldatu nahi dutenentzako, elektrizitate eta mekanika kurtsoak

LANGABETUENTZAT , lana aldatu nahi dutenentzat, edo lan merkatuan aukera  berriak bilatu nahi dituztenentzako  mekanika eta  elektrizitate ikastaroak antolatzen ditu Hernani Institutuak, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Aurten elektrizitate kurtsoa besterik ez da atera aurrera, mekanikan ez baita kurtsoa aurrera ateratzeko adina ikasle matrikulatu.
Langabetuentzako mekanika kurtsoak ematen urteak daramazki Hernani Institutuak, aldiz elektrizitate kurtsoekin 3 urte daramazkite, eta badirudi, kurtso honetan behintzat, arrakasta gehiago lortu duela azken honek.

Lana lortzeko erraztasunak
Jesus Ezkerro, Hernani Institutuko heziketa ez arautuko arduradunak azaldutakoaren arabera, bi lanbide hauek etorkizun haundia dute, enpresek mekanikoak eta elektrizistak behar baitituzte. Adibide adierazgarri moduan aipatu du ikastaroa bukatu eta praktikak egiten dituzten ikasle gehienek lanpostua lortzen dutela.
Hala ere, denen helburua ez omen da elektrizista edo mekaniko lanpostua lortzea. Batzuek bere gustoko lanpostua lortzeko gai horren inguruko ezagutzak eskuratu nahi dituzte. Esate baterako, «aurtengo kurtsoan badago suhiltzaile izan nahi duen ikasle bat eta horretarako ofizio ezberdinen inguruko ezagutza izan behar du, horien artean elektrizitatea» azaldu du Jesus Ezkerrok.

Talde heterogeneoa
Ikasle perfilagatik galdetuta, Jesus Ezkerrok azaldu du  denetariko jendeak ematen duela izena ikastaro hauetan. Gehienak gizonezkoak izaten dira, nahiz eta tartean emakumerik izaten den. Adinaren aldetik adin guztietako jendeak ematen omen du izena ikastaroetan. Berezitasun bezala, esan daiteke aurten lehenengo aldiz etorkinen kopuruak gora egin duela, izan ere ikasleen %50 osatzen dute etorkinek.

Ikasleak gustora
Ikasleei egindako inkestek erakusten dute ikasleak gustora dabiltzala ikastaroan, denek ere 8,5etik gorako nota jarri baitiote.
Haiek azaldutakoaren arabera, ikastea, garai batean utzitako ikasketei berriro ere heltzea eta lanbide bati eustea da ikastaroan izena ematera bultzatu dituzten arrazoiak. Etorkinen kasuan, ikastaro honen bidez kurrikuluma hobetu eta lan merkatuan sartzeko erraztasunak aurkitzea dira motibazio nagusiak.

Datu interesgarriak

Zer ikasi daiteke?
Mekanika edo elektrizitatea.
Zenbat denbora irauten du?
210 orduko kurtsoak dira. Klaseak egunero. Gutxi gorabehera hiru hilabete irauten du.
Non eta noiz egin behar da matrikula?
Lanbideko bulegoetan
(Irun edo Lasarten), irailean.
Zein baldintza bete behar dira?
Langabetua izatea eta Lanbideko zerrendetan edo INEMen izena emanda egotea. Bestela lana aldatu nahi dela azaltzen duen ziurtagiria izatea (mejora de empleo delakoa).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!