«Badirudi gainerako alderdi politikoei gogorarazi egin behar zaiela herritarrek eraman gintuztela udalera eta ez beste ezerk»

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 17a, 02:00

UDAL Gobernuak egoera politikoaren azterketa egin zuen Biterin, maiatzaren 27an udaletxean kargua hartu zutela urtebete pasa den honetan. Gobernu taldearen kontra aurkeztu diren mozioak direla eta, aipatu zutenez, «badirudi gainerako alderdi politikoei gogorarazi egin behar zaiela herritarrek eraman gintuztela udalera eta ez beste ezerk, nahiz eta hauteskundeak ez ziren baldintza demokratikorik onenetan gauzatu». «Mozioak hauteskundeek eman ez zutena lortzeko erabili nahi direla» uste du Gobernu taldeak eta gogorazi du «mozioak ez direla zinegotzi eta alkateen kontrako erasoa, baizik eta bozka eman ziguten herritarren kontrako erasoa».

Ezker Abertzelearekin bukatzea helburu
Gobernu taldeak, mozioak aurkeztu izana, dinamika zabalago batean kokatu zuen: «etika da erabiltzen den hitza, baina etika makillaje hutsa da, hilabete hauetako dinamika ikusi besterik ez dago, adibide asko aurki ditzakegu, hauteskundeetatik hasi, eta gerora izan diren bestelako ahaleginak, prozedura judizialak...». Dinamika horrek helburu jakin bat duela nabarmendu zuten: «hauteskundeetan erdizka egin zutena erabat birrintzea, instrumentu ezberdinekin lortzea Ezker Abertzalea, ez bakarrik instituzioetatik ateratzea, baizik eta ahal bada txikitzea». Nahi horren atzean arrazoi garbi bat ikusten du Gobernu taldeak «Ezker Abertzaleak oso agerian uzten dituela beraiek egiten dituztenak. Eta ez zaie komeni bereziki orain, hauteskundeetako emaitzak aztertzen ari direnean, izan ere hauteskundeak zergatik galdu dituzten aztertu beharrean, hauteskundeak nola irabazi aztertzen ari dira. Orain akordioak egitea tokatzen da, duela 30 urte bezala, eta herri honi ematea eskatzen ez duena».

Aurrera begirako irtenbideak
Gatazka gainditzeko herriak aurrera begirako soluzioak eskatzen dituela aipatu zuten «guk diogu gatazkaren soluzioak bi oinarri dituela: autodeterminazioa eta lurraldetasuna, azken batean erabakitzeko eskubidea». Honekin lotuta esan zuten egoerari sasi irtenbide bat eman nahi zaiola, «hori da herri honetan dugun aspaldiko gabezia haundi bat, ez zaiola errealitate osoari heldu nahi». Honekin lotuta aipatu zuten aitzakiak erabiltzen direla beste gauza askori ez begiratua egiteko, «nahiz eta gero etika lekzioak eman nahi diren». Mozioen estrategiak errezeta zaharrak direla aipatu zuten «mozioen estrategia ez da berria, eta ikusi da ez duela ezertarako ere balio, begira bestela zein egoeratan gauden». Azaldu zutenez, gatazkari irtenbidea emateko soluzioa «eskura izan dute, eta orain Ibarretxe entzutea Loiolako printzipioen defentsan, nahiz eta desitxuratu, paradojikoa da». Prozesu hark zergatik egin zuen porrot askotan aipatu dutela esan zuten eta prozesu hark gauza bat garbi erakutsi zuela: «Ezker Abertzalea egurra jasota ere kohesionatuta dagoela, eta oso garbi dituela bere proposamenak». «Orain gertatzen ari dena eta etorriko dena horren ordaina» dela uste du Gobernu taldeak. Ezker Abertzaleak mahai gainean proposamen bat jarri zuela gogorarazi zuten, Marko Demokratikoa, eta «oraindik ere inork ez digu esan proposamen horren parean ia ba ote duen beste bat hobea».

Alkate ezberdinen kontrako auziak
Mozioen auziaren harira, Gobernu taldeak aipatu zuen Hernaniko Alkatearen kontrako auziarekin batean, norabide berean dijoazten auziak ireki direla: «AHTaren istorioarekin Aramaioko Alkatearen kontra hasitako bidea edo Bergarako Alkatearen kontra hasitakoa ere hor daude, azken hau greba egunean gertatu zenagatik». Honekin batean aipatu zuen Ezker Abertzaleko karguez gain, beste alderdietako karguak ere arriskuan izan daitezkeela.

Udaletako jarduna definitu beharra
Datozen asteetan auzi hauek udala zein egoeratan uzten duten aztertu beharko dutela aipatu zuen Gobernu taldeak: «hasi Garzonetik eta guregana, uste dugu inor ez dela oso ondo aklaratzen bere bi azken autoek zer esan nahi duten». Eudelek autoen irakurketa egin zuela gogoratu zuten eta «horren ondorioa izan zen udaletxeetan ez dela ezer ere aldatu behar, baina Ino Galparsoro Arrasateko Alkatea kartzelan dago». Azken urtean ateratako autoekin salto kualitatibo bat eman dela uste du Gobernu taldeak eta «ez bakarrik Udalak desegiteko edo Alkateak kentzeko, atea irekita uzten du edozein Alkateren aurka jotzeko». Bukatzeko aipatu zuten, panorama ezkorra den arren, Udalean lau urtez jarraitzea dela Goberu taldearen asmoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!