Udalak onartu berri du Zinkoeneako proiektua berritzea eta Hernaniko Eusko Alkartasunak irregularidadeak ikusi ditu obren adjudikazioan, Kronikara bidalitako prentsa ohar batean nabarmendu duenez. EAk dio, 2006ko ekainean onartu zela aurreko proiektua, eta 2007ko martxoan sinatu zela akordioa Dunboa SA enpresarekin, 354.300 euroko aurrekontuarekin. Orain, proiektua berritu eta 513.720,44 eurogatik adjudikatu zaio enpresa berari eta honen aurrean Eusko Alkartasunak galdetzen du ea hau proiektu berria den edo lehengoa modifikatua «eta proiektu berria bada, lizitaziora berriz atera behar da». EAk Udal aparejadore eta arkitektoari horren gaineko informea eskatu diela azpimarratu du baina ez dutela erantzun garbirik jaso.
Zortzi puntuko adierazpena
Egoera honetan, zortzi puntuko adierazpena egin du EAk: 1- «Espedientean ez dago inongo informe teknikorik, Zinkoeneako proiektuaren aldaketa abalatzen duenik». 2- «Gure ustez proiektu berri bat da, ez da aldaketa bat. Urbanizazioa %30etik gora aldatu da eta prezioa %45 igo da». 3- EAren ustetan, «aldaketaren atzean ezkutatua dago adjudikazio berri bat». 4- «ANVk onartu duena apaño bat da enpresa eta Udalaren artean, 2007ko martxoaren 9ko kontratua etetea saihestu eta kalteengatik Udalak enpresari ordaindu beharko liokeen zatia ekiditeko». 5- «TAG-ek dio: ´aldaketa posible da gizartearen intereserako baldin bada bakarrik, eta behar berriak edo espero ez zirenak azaltzen direnean. Espedientean justifikatu behar dira`. Legeak eskatzen duen justifikazioa ez dator espedientean». 6- «Proiektu berria bada, lizitaziora berriz atera behar da». 7- «Aldaketak ez dira herritarren parte hartzearekin egin, eta aurreko proiektua bai; gobernu taldeak duen parte hartzearen kontzeptua argitzen du horrek». 8- EAk eskatutako txostenak eskuratzea espero du, derizkion neurri legalak hartzeko, obra hauen adjudikazioan antzemandako irregulartasun nabarmenaren aurrean».