Bi mozio onartu zituen atzo Bozeramaile Batzordeak

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 16a, 02:00

Bozeramaile Batzordea bildu zen atzo Udaletxean eta bi mozio onartu ziren. Lehenengo mozioa, PSE-EE, EAJ, EA, EB eta PPk aurkeztua, oposizioko alderdien 9 botoekin onartu zen eta HAIko 8 abstentzio izan zituen. Bigarren mozioa, HAIko gobernu taldeak aurkeztua, HAIren aldeko 8 botoekin, EAJ eta EBren abstentzioarekin eta PSE-EE, EA eta PPren aurkako botoekin onartu zen.

Legutioko atentatuaren aurrean salaketa
Oposizioak aurkeztutako mozioak Guardia Zibilaren Legutioko koartelak jasandako atentatua salatzen du eta honela dio, laburtuta: 1) «Hernaniko herriak bere gaitzespena azaltzen du atentatuaren aurrean. Estrategia biolentoak inoiz ez du gaindituko demokrazia». 2) «Hernaniarrek elkartasuna eta babesa azaltzen diete atentatuan hildako Juan Manuel Piñuel Villalón-en senitarteko eta lagunei eta zauritutakoei». 3) «Udaleko alderdi politikoek adierazten dugu ekintza hauek askatasunaren, elkarbizitzaren eta pertsonen segurtasunaren aurkako mehatxuak direla. ETA talde terroristari eskatzen diogu Hernaniko herriaren bake nahiei kasu egin diezaiola». 4) «Herritarrek eskatzen dute bortizkeriaren aurrean indar demokratiko guztiak batzea. Eskatzen dugu elkarrizketa eta legea betetzea izatea, terrorismoa gainditzeko bideak». 5) Hernaniko Udal ordezkariek herritarrei dei egiten diegu atentatu honen aurrean gaitzespena azaltzeko.

Gatazkaren sustraietara jotzeko eskaera
Gobernu taldeak aurkeztutako mozioak dio Legutioko atentatuak argi uzten duela Euskal Herriak bizi duen gatazkaren gordintasuna eta gatazka gainditzeko herri honek premia bizia duela. Gertatua larria dela dio, tamalgarria «baina are tamalgarriagoa oraindik indar guztiak azkena izan dadin lortzeari begira ez jartzea». Gaitzespenetik haratago, herri honek eskatzen duena aterabideak direla dio mozioak «sustraietara jo eta behinbetiko aterabidea ematea bizi dugun egoerari». Zentzu horretan premiazkoa dela dio, Euskal Herrian marko demokratiko bat eraikitzeko aukera ematen duen akordio politikoaren alde egitea, «hori baita gatazka politikoari irtenbidea emateko bide bakarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!