Orientazio karreretan parte hartzeko ikastaroa

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 14a, 02:00

Larunbatean da ikastaroa, Irunen, eta orientazioan dabiltzan hernanirrak bertan izango dira. Ikastaroak balio lezake Urbasan eta Aralarren datozen astetan egingo diren probetan parte hartzeko.

Orientazio probetan parte hartu nahi duen jendeak aukera paregabea du datorren larunbatean: Irungo Mendizaleen bulegoan ikastaro teorikoa izango da eta Aiako Harrian praktikoa. Geroz eta jarraitzaile gehiago dituen kirola da orientazioa eta Hernanin ere badira egiten dutenak. Kirol hau ezagutu nahi duten herritarrei dei egin diete larunbatean Irunera joateko, bertako ikastaroan ondorengo astetako probetan parte hartzeko oinarri haundia hartuko baitute. Ikastaroa larunbatean da, goizean teoria (09:30-13:30) eta arratsaldean praktika (14:30-18:30). Prezioak: bazkideek 20 euro eta bazkide ez direnek 25 euro (prezio honetan sartzen dira txostenak CDan, mapak eta brujula prestamoa). Izen emateko orient@irungomendizaleak.com helbidean edo 696 48 29 63 telefonoan.

Urbasan hurrengo asteburuan
Orientazioko hurrengo proba maiatzaren 24 eta 25ean izango da Urbasan. Larunbatean distantzia erdiko proba izango da arratsaldeko 16:00ak aldean, eta beste proba berezi bat iluntzeko 22:00etan. Igandean goizeko 09:00etan proba luzea izango da. Bakoitzak nahi duen proban hartu lezake parte, eta maila desberdinetako jendearentzat izango dira, hasi ia batere ez dakien jendetik eta konpetizioan buru belarri sartuta daudenetara. Ekainaren 14 eta 15ean, berriz, Aralarren izango da bi egunetako maratoia, bikoteka. Hemen ere zailtasun desberdinak izango dira.

Markatutako puntuen bila
Orientazio probetan parte hartzaile bakoitzari mapa bat ematen zaio egin behar duen ibilbidearekin eta bertan zenbait puntu daude markatuta. Puntu bakoitza ikur baten ondoan dago eta ikurrak azaltzen du inguru hori erreka bat den, basoa, baso ertza, sakon unea, harri pila, amildegia, lepoa, harkaitza, kobazuloa, lakua... mapa eta iparrorratzaren laguntzarekin bilatu behar ditu parte hartzaileak puntu guztiak, adierazitako ordenean, helmugara iritsi aurretik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!