Hip-Hop Eguna izango da larunbatean Hernanin, aurten laugarren aldiz. Aurreko urteko harrera ona eta hip-hop-ak geroz eta indar haundiagoa duela ikusita, laugarren edizioa prestatzera animatu dira. Egun osoan izango dira ekitaldiak Tilosetan, eta eguraldi txarra bada, Atsegindegi plazan. Goiz partean tailerrak izango dira jendeak hip-hopa hobeto ezagutzeko aukera izan dezan, eta parte hartzera animatzeko, eta arratsaldean mundu horretan buru-belarri dabilen jendearen erakustaldiak izango dira.
Goizean tailerrak
Goizeko tailerretan jendeak ikasi edo ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango du. Graffitiak egiteko 12 panel dituzte jartzekoak. Panel hauetako batzuk aurrez banatuak izango dira eta beste batzuk momentuan inguratzen direnek erabili ahal izango dituzte. Aurrez eskatzeko, ixa74@hotmail.com helbidera idatzi edo 675 703 276 telefonora deitu. Scrach eta DJ tailerra ere izango da eta bertan musika jartzeko, nahasteko eta scratch-ak egiteko teknikak erakutsiko dira, Selektah Kolektiboko DZ-ren eskutik (egun Fermin Muguruzaren eta Esne Beltza taldeko partaide). Eta Break dantza tailerra «gorputz espresioa musika eta dantza bidez lantzeko teknika»; Intxaurbreak taldeko Marta ariko da irakasle edo monitore lanetan.
Arratsaldean, ekitaldia
Arratsaldean, rap kantari gazteek izango dute kantatzeko aukera, Euskal Herriko leku desberdinetatik inguratutako gazteak ariko dira. Aurten euskerari tarte berezia eman nahi diote antolatzaileek: «zoritxarrez gutxi dira oraindik euskera hutsez abesten duten rap abeslariak baina geroz eta gehiago dira, kantuak euskeraz egitera animatzen direnak». Ondorenean, Break dantzarien erakustaldia izango da Aritz Sound System-en musikarekin.