Atzegik (adimen urria duten pertsonen aldeko elkarteak) sentsibilizazio kanpaina berria jarri du martxan, hilaren 30era arte, Diputazioarekin batean. Adimen urria duten pertsonei enplegu arruntean lan aukerak eskaintzea izango da kanpainaren helburua, enplegu babestutik haratago, eguneroko enpleguan. Kanpainan Gureak taldea izango dute partaide ATZEGIkoek, ibilbide luzea egin baitu bide horretan.
‘Lantokietan ikusiko duzu!’
Horixe da aurtengo sentsibilizazio kanpainako leloa. ATZEGIk azpimarratu du lanpostu askotan pertsona hauen gaitasunak argi daudela, eta kontratatzeak abantailak suposatzen dituela berentzat alde batetik, baina baita enpresarientzat eta beraiekin lan egiten dutenentzat ere. Gaur egun, Gureak Taldean adimen urritasuna duten 1.501 pertsonek egiten dute lan (erregimen okupazionalean eta enplegu bereziko zikloetan), baina enplegu arruntean 78 bakarrik ari dira lanean. Kanpaina honekin haunditu egin nahi da zenbaki hau «pertsona hauek gehiago ikusi ditzagun dendetan lanean, lantokietan eta nola ez, erakunde publikoetan».
Atzegizalea saria
Atzegiko kideek Kronikari esan diotenez, hemendik aurrera urtero sari bat eskaintzeko asmoa dago Atzegizale bati. Aurten ESTE-Deustuko Unibertsitateari emango diote saria, joan den kurtsoan elkarlanean aritu baitzen ATZEGIrekin: «Enpresa ikasketetako 4garren mailako ikasle eta irakasleekin lan egin dugu komunikazio planak egin eta kolaboratzaile, ATZEGIzale eta boluntario gehiago lortzeko» azpimarratu dute.
Bi mila familia
Gaur egun ATZEGI Gipuzkoa guztiko 2.009 pertsonak osatzen dute, 1.918 familia bazkidek. Honez gain, 2.898 bazkide kolaboratzaile eta 7.860 atzegizale ere badaude. Hernani, Urnieta, Astigarraga, Usurbil eta Lasarteko ATZEGIko kideak batean elkartu ohi dira bileretarako, aldiro Buruntzaldeko herri batean. Gaur, Gipuzkoako sentsibilizazio kanpainako ekitaldi nagusia izango da Donostian, 18:30etan, Andia Kalean Kutxak duen aretoan. Besteak beste, bertan emango da 2008 Atzegizale saria.