Zinkoenearako proiektu berria onartu du Gobernu Batzarrak, oinezkoei lehentasuna emango diena

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 15a, 02:00

La Cumbreko urbanizazioaren bigarren fasea ere onartu da eta Ertzainetako rotondatik Urbieta kalera bidegorria egitea ere bai.

Zinkoenea urbanizatzeko proiektuak zenbait aldaketa izan ditu, eta oinezkoei lehentasuna emateko proiektua onartu zuen joan den asteartean Gobernu Batzarrak, bi helburu garbirekin: batetik oinezkoei lehentasuna ematea eremu horretan, eta bestetik erdigunera sartu behar ez duen trafiko guztia kanpokaldeko bideetara bideratzea. Proiektu honetan, kiosko berria egitea aurreikusten da inguru hori guztia urbanizatzean, oraingoa baino beheraxeago, gune berde txiki bat sortuko da ondoan, eta autobus parada ingurua eta bidea berritu egingo dira besteak beste.

Pasabidea Kaxkotik Agustinetara
Behin obrak egitean, Kaxkotik Agustinara arteko bidea dena bat izango da oinezkoentzat, alegia ez da espaloiaren koxkarik izango. Granitozko pasabidea izango da oinezkoentzat eta bertatik pasa behar duten autoek koska bat izango dute igo beharrekoa. Horrek abiadura asko murriztuko du puntu horretan eta kaxkora ez dijoazen kotxeak kanpoko bideak hartzera behartuko ditu: Urumeako saihesbidea, Galarretarako bidea... Balantxa itxi trafikoari Zinkoeneatik Balantxarako bidea trafikoari istea ere biltzen du onartutako proiektu berriak. Balantxako etxeetako bizilagunek Karabelgo tuneletik ibili beharko dute, eta larrialdi kasuetarako Balantxatik pasatzeko modua izango da, Apeaderora autoentzako sarrera Zinkoeneatik baitago. Sarrera kontrolatzeko instalazioa Oraingo Zinkoeneako obran egingo dute beste gauzetako bat da, Kale Nagusi zein Kardaberaz kalerako sarreretan sarrera kontrolatzeko piboteak jartzeko instalazioa egina uztea, aurrerago Kaxkorako autoentzako sarrera kontrolatzeko. Bide ertz guztian ere pibote fijoak jarriko dira, sarrera kontrolatzeko pibote horrek bere funtzioa egin ahal izateko. Horrez gain, Atzieta kale hasieran ere jarri nahi da sarrera kontrolatzeko pibote bat, eta aurreinstalazioa eginda utziko dute.

La Cumbreko bigarren fasea
La Cumbre eremua berrurbanizatzeko bigarren fasea ere onartu zuen Gobernu Batzarrak. Lehenengo fasea egina dago dagoeneko, obrak egiten diren bitartean bizilagunak kotxean atera ahal izateko biala egitea gaikaldetik. Bigarren fasean, urbanizazioa berrituko da La Cumbre auzoan: bidea, inguruak eta instalazio eta saneamenduak. Zorua adokinatua izango da La Cumbre guztian eta ertzak hormigoiz hartuko dituzte.

Bide gorria
Astearteko Gobernu Batzarrak onartutako beste gaietako bat, Ertzainen aurreko rotondatik Urbieta kalera egingo den bidegorri zatia izan zen. Rotondatik Karobietako parke alderainoko zatia egingo dute. Antziolatik datorren bidegorriarekin bat egingo du eta Atarrabiyon barrena Urbieta kalera pasako da. Urbieta kalean herrira goazela eskubi aldeko espaloian egingo dute bide gorria eta ezker aldeko espaloi haundia izango da oinezkoentzat. Bide gorria egiteko obrak aprobetxatuta, ura pasatzeko tuberiak jarriko dituzte, Urbieta kalea mangeraz garbitu ahal izateko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!