Santa Barbaran eztanda egin zuten atzo bi lehergailuk eta bariante berria egiten ari diren eskabadoren aurkako sabotajea izan liteke, zenbait komunikabidek zabaldu dutenez, enpresa bera baita AHTko obrak egiten ari denetako bat. Goizeko ordubi terdiak inguruan izan zen eztanda, eta kalte materialak eragin zituen, Eusko Jaurlaritzako Barne Sailak jakitera eman duenez. Arratsaldeko bostak eta laurden aldean, Bizkaiako DYAren egoitzan telefono dei bat jaso dute ETAren izenean, Santa Barbaran bi bonba jarri dituztela adieraziz. Ertzaintzak adierazitakoaren arabera, metalezko bi ontzi izan dira, seguru asko amonalez beteak.