Marian Beitialarrangoitia deklaratzera deitu du Marlaskak, ‘Pana’ parkearen izena dela-eta

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 13a, 02:00

Dignidad y Justiciak aurkeztutako kereila bat onartu du epaileak. Ekainaren 2an deklaratu beharko du Auzitegi Nazionalean.

Espainiako Auzitegi Nazionaleko Fernando Grande Marlaska epaileak Marian Beitialarrangoitia Hernaniko Alkatea deitu du deklaratzera. Dignidad y Justicia taldeak aurkeztutako kereila bat da oinarria, Jose Manuel Aristimuño Pana parkearen izena dela eta. Epailearen ustez, parke bati ETAko kide baten izena jartzea delitua izan liteke «biktimekiko errespeturik eza adierazten duelako». Fiskaltzak bere garaian atzera bota zuen kereila hori, parkeari izena jartzeko udal akordioa onartu zenean, 1982an, Beitialarrangoitia alkate ez zelako; baina Auzitegi Nazionalak onartu egin du orain kereila. Gaur egun alkate izanda, parkeak izen hori edukitzearen ´erantzule` dela uste du Marlaskak. Beitialarrangoitiak ekainaren 2an deklaratu beharko du Espainiako Auzitegi Nazionalean. Horrez gain, Hernaniko Udalari eskatu dio Pana parkeari eta Gudarien plazari izen horiek jartzeko hartutako erabakietako aktak bidaltzeko.

Plakak kentzea eskatu
Dignidad y Justiciak eskatua du Jose Manuel Aristimuño Pana parkeko plaka kentzeko, eta baita Hernaniko Gudarien plazako plaka kentzeko ere.

1981ean tiroz hila
Jose Manuel Aristimuño Pana, 1956an jaio zen Hernanin eta 1981eko martxoan hil zuen tiroz poliziak, Gasteizen. 1982ko martxoaren 24ko Pleno berezi batean erabaki zuen Hernaniko Udalak parkeari Pana izena jartzea, artean parkea egiten ari zirela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!