Argazki polit, xelebre, dotore, hunkigarri, gertuko eta freskoekin gozatu nahi duenak aukera izango du datorren astean, ostiralera arte, Biteri kultur etxeko pasiloetan. Izan ere, apirilaren 13an egin zen herrian argazki rallya eta orain ikusgai jarri dituzte orduko lanak, jendearen gozagarri. Ostiralean banatuko dituzte sariak.
Orijinala eta polita
Aurtengo argazkien gaiak honakoak izan dira: jarduerak Urumea ibaian, emozioak, kolunpioak, belardiak, naturaren eskulturak eta lagunen arteko besarkadak. Parte hartzaileek gai hauen inguruko irudi bereziak bildu nahi izan dituzte; hain zuzen, antolatzaileen esanetan, kontuan izango duten ezaugarrietako bat, orijinaltasuna. Gainera, kontuan izango dute argazkia polita izatea.
Hernani eta inguruak
Gaiak normalean Hernani eta bere inguruekin izaten dute zerikusia. Parte hartzaileak ere, gaiak bezalaxe, Hernanikoak eta ingurukoak izaten dira, hernaniar askoz gain, Beasain, Urretxu eta Villabonatik ere etorri baitira parte hartzaileak.
Aurten digitalarekin
Aurten, lehenengo aldiz, kamara digitalarekin parte hartu dute lehiakideek. Lehiakideen artean helduak eta gazteak izan dira. Helduen artean lau sari emango dira, lehenengo hiru bilduma onenei eta hernaniar batek egindako bildumarik onenari. Umeen kategorian, lehenengo hiru bildumarik onenei emango diete saria.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!