Dantzaldi freskagarria, Izotz-ekin mesedez

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 11a, 02:00

HERNANI Institutuko ikasle ziren oraindik, 88-89an. Gaztetan izaten den ilusioa, denbora librea, ondo pasatzeko gogoa, eta milaka notek osatutako pentagrama luzeak zainen ordez. Garaiko giroa ere, ezin hobea. `Plazetan izugarrizko giroa izaten zen, berbena talde asko zegoen, eta aukerak ere anitzak ziren: punka, rocka...`. Taldekideren batek musika ikasi zuela eta, gainontzekoek belarria jarri beharra izan zuten. Horrela, azkenerako zer edo zer fundamentuzkoa jotzen hastea lortu zuten. 95. urtean lehen diskoa kaleratu zuen Izotz taldeak, Ave Maria baratzekua abestiarekin batean. Disko arrakastatsua izan zen; Euskadi Gazteako zerrendetan bueltaka ibili zen, eta Jaiak programan abesti pare bat famatu egin ziren. 98ra arte gutxi gora-behera bultzada ederra ekarri zien diskoak, eta Euskal Herri osoko hainbat txokotaraino iritsi ziren. Ondoren, errepertorioa aldatzea erabaki zuten, zerbait berezia, desberdina egiteko ahaleginean.

Labeldun taldea
Lehen emanaldian jo zutenetik ia 20 urte pasa dira jada, eta ezinbestean, gauza asko aldatu dira ordutik. Baina ez guztia. Izotz taldeak berezitasun handi bat izaten jarraitzen du, euren filosofia propioa. `Garai hartan modan zegoen, berbena talde izugarri pila zegoen`. Baina guztiak elkarren antzekoegiak ez ote ziren pentsatu zuten. Udaran kontzertuak emateko aukera handiagoa izaten dela eta, `neguan entseatzen aritzean, udari begira entseatzen da. Udako kantuak zein izango diren jakiten saiatzen dira talde gehienak, eta azkenean, guztiek abesti berdinak jotzen dituzte`. Hori aukeretako bat izan daiteke, ez dute baztertzen, baina ez da Izotzek eginikoa. `Lehengo urtean guk ez genuen Maite zaitut abestia jo, ez baita hori gure asmoa`. Horrenbeste berbena talde zeudela eta, gainontzekoengandik bereiziko zituen zerbait jo nahi zuten, zerbait desberdina. `Jendeak gu entzun eta, ´hara! Hemen da Izotz taldea´ pentsatzea nahi genuen`. Horrela, askok jotzen zituzten rantxerak alde batera utzi, eta euren gustuko musika jotzea erabaki zuten: The Police, Bob Marley, ACDC... `Jende asko harrituta geratzen zen, gustatu egiten zitzaien zerbait desberdina entzuteko aukera izatea. Baina sarri, errepertorio hori aukeratzeak mugak ekarri dizkigu. Jende askok beste taldeek normalean jotzen dituzten abestiak eskatzen dizkigu, eta ez du ondo ikusten udako abestien ordez beste batzuk jotzea. Adibidez, Nafarroatik gutxi deitu izan digute, rantxerak eskatzen baitzizkiguten`. Hala ere, horrenbeste urtean martxan jarraitu izanak argi uzten du hasiera hartan egindako aukera ez zela batere txarra izan. `Guk argi genuen zein zen gure filosofia; lehenik eta behin, taldeak ondo pasatzea nahi genuen, gustatzen zitzaiguna jo nahi genuen, eta ondoren, publikoak ere gozatzen bazuen, primeran!`.

Joan etorriak
Izotz taldea martxan jarri zenetik urte dezente pasa dira. Taldearen esentziak bere horretan jarraitu duela esan daiteke, bere filosofiari eutsiz. Baina egia da denbora ez dela alferrik pasatzen, ia 20 urte ez behintzat. Eta ezinbestean, aldaketa batzuk ere izan dira. Gaur egun Izotz osatzen duten gehienak ez ziren taldearen sortze urteetan egon. Pello Gorrotxategi eta Flaut teknikaria dira hasieratik orain arte iraun duten bakarrak. Taldeak bi etapa edo zati izan dituela esan daiteke. Lehen urteetan egondakoak, diskoa atera zutenak, lehen 10 urteetan aritu ziren. 2. zatia berriz, azken 10 urteetan aritutakoek osatzen dute. `Urteak asko dira, eta zaila da mantentzea. Taldeaz gain denok dugu gure lana. Batzuei beste lan edo konturen bat sortu zaie, edo, Xabier San Sebastianen kasuan bezala, bere musika karrera propioa egitea erabaki zuten beste batzuek. Hori bai, gure artean ez dugu sekula arazorik izan, primeran moldatu izan gara, eta oraindik ere elkartzen gara tarteka, afaritxo bat egin eta gure artean zer edo zer jotzeko. Taldean horren giro ona izateak asko laguntzen du`.

Azken agurra
Publikoa dezente jaitsi bada ere, argi dago Izotzekoek gozatzen jarraitzen dutela. Hala ere, askotan `jotzea tristea dela` iruditzen zaie. `Hiru edo lau orduz jotzen aritzen zara, eta 20 pertsona inguratzea lortzen baduzu izugarria da. Guztiz entregatzen badira, primeran, benetan asko gozatzen dugu, baina azkenean erre egiten zara`. Beste batzuetan, kontratatu dituzten tokietan harrera kaxkarra sumatu izan dute: `Bertara joan eta guztia prestatu behar da. Kableak non dauden, edota kontzertua nola ematea nahi duten galdetu eta batzuetan ez dizute kasurik egiten. Azkenean, pazientzia pixka bat galdu dugula konturatu gara`. Hori izan da taldearen amaiera iritsi dela onartzeko arrazoietako bat. Baina ez bakarra. Izan ere, bakoitzak bere egitekoak ditu, eta azkenean, ez da denetarako denbora izaten. Hala ere, urte guzti hauetan bildutako esperientzia onek pisu handia dute, askoz ere handiago, izugarri gozatu baitute, eta oroitzapen ederrak gordetzen dituzte. `Gure artean oso ondo moldatu gara beti, eta oraindik ere primeran moldatzen gara. Gainera, publiko entregatua izan dugu urte askotan zehar, eta izugarri eskertzen da. Usurbilgo publikoa adibidez, mundiala izan da beti`. Agian horregatik, azken agur gisa emandako kontzertuaren ondoren, oraindik ere jotzeko gogoarekin geratu dira. Dagoeneko hasi dira pentsatzen, hurrengo urtean taldearen 20. urteurrena denez, zer edo zer egin beharko dutela. Hala bada, ziur, betiko publikoa bertan izango dela Izotzek zabaldutako zipriztin musikatuen erritmora dantzan.

20 urteko ibilbidea
TALDEAREN bizitzako pentagramari azken notak jarri dizkiote jada. Edo hori da esaten dutena. Ibilbide guzti honetan zehar asko gozatu eta gozarazi dute. Kontzertu gogoangarriekin, jarraitzaileen laguntasunarekin eta milaka anekdotekin beteak dituzte oroitzapenak.   
Usurbilgo San Esteban auzoko jaiak xarma handiarekin gogoratzen dituzte. `Toki txikia da, oso pottokoa. Harrigarria izan zen bertan emandako kontzertua. Lagun bat kamerarekin etorri zen, dokumental moduko bat grabatu nahi zuela eta. Musikarik gabe grabatu nahi zuen, eta mikrofonotik abisatu genion publikoari. Izugarria zen: gu imintzioka, jotzen ariko bagina bezala; publikoa berriz, abesten, oihuka eta dantzan gelditu gabe; eta guztia isiltasun osoan!`.
Anekdota bereziak ere badituzte gogoan. `Behin, Oiartzungo sagardotegi baten azpiko ukuiluan jo genuen, afari baten truke. Behiek koroak egiten zizkiguten euren marruekin!`.
Baina guztiak ez dira kontzertu txikiak izan. Deustuko La Botica Vieja auzoko jaietan Fito abeslariak 60.000 pertsona bildu zituen, eta Izotz taldea ere ez zen atzean geratu. `Eszenatokitik txosnak ia ikusi ere ez genituen egiten. Guretzako izugarria zen. 8.000 edo 10.000 pertsona inguru aritu ziren gure musikarekin batean dantzan. Pentsa, musika ez zen iritsi ere egiten urrutien zeudenengana!`.
Hala ere, denbora honetan guztian zehar publikoa asko aldatu dela ikusi dute. Lehengo urteko Santo Tomasetako jaietan Kafe Antzokian jo zuten. Azkeneko kontzertu ofiziala zela zabaldu zen, eta aretoa guztiz lepo bete zen. `Espejismo huts bat besterik ez zela izan` diote, ordea. Gaur egun gauzak zeharo aldatu dela uste dute. `Giroa guztiz aldatu da. Badirudi jendeak nahiago dituela tabernak. Diskotekek ere min handia egin diote zuzenean jotzeari. Orokorrean zuzeneko guztiak jaitsi dira`. Hala ere, berbena talde batzuek ere eragina izan dutela pentsatzen dute. `Askotan teknikariak kendu dituzte, argiei garrantzia kendu diete, eta orokorrean kalitatea jaitsi egin da. Hori publikoak nabaritu egiten du`. Bizkaian oraindik zertxobait mantentzen bada ere, hemen, Gipuzkoan izugarri jaitsi dela pentsatzen dute. `Badirudi hemen jendea lotsatu egiten dela plazara atera eta dantzan jartzera. Orain, berbena batera joateko proposamena egiten duen lagunari arraro begiratzen zaio, mespretxuzko zerbait bezala ikusten da`. Ohiturak aldatu egiten dira azkenean, hala nabaritu dute. `Gaur egun, herriko festetan, txosnen inguruan biltzen da jende gehien. Handik aparte dagoen plaza batean jotzen jarriz gero, ez da ia inor hurbiltzen. Baina egia da, baita ere, txosnetan bertan arituz gero, izugarri animatzen dela jendea`.          

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!