Hernanin aztertu diren enpresen %56ak ez du jarduera lizentziarik

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 11a, 02:00

HERNANIKO udala eta INEM elkarlanean, Hernaniko enpresetan azterketa bat egiten aritu dira, jarduera lizentzien inguruan. Bost hilabeteetan zehar Florida 56, Florida-Landare eta Eziago industrialdeetako 135 enpresa aztertu dituzte. Funtsean honako datuak atera dituzte: 135 enpresa hauetatik 75ek (%56) ez dutela jarduera lizentziarik eta 57k (%42) jarduera lizentzia duten arren, ez dute irekitzeko lizentziarik lortu. 135 enpresetatik 3k (%2) dute irekitze baimena.

Egindako lana
Udalak azterketa honetan egindako lana azaldu du. Industrialde bakoitzeko enpresen espedientea banan-bana aztertu dituzte lehendabizi: eraikinak noizkoak diren, jarduera memoria, izen-aldatzeak, araudia betetzen duten, hondakin kudeaketa egokia egiten duten, behar dituzten lizentzia eta agiriak eguneratuta dauden, eta abar. Ondoren enpresak ikuskatzera joan dira, enpresaren benetako egoera artxiboan jasota dagoenarekin bat egiten duen ikusteko. Bukatzeko, aztertutako enpresa bakoitzari buruzko txostena idatzi dute eta bertan bildu dituzte proposamenak kasuz kasu eta baita jarraitu beharreko pausoak ere.

Azterketaren helburua: araudi bera denentzat
Udalak azaldu duenez, datu hauek ez dira ezustean etorri, «bagenekien Udalak orain arte ez duela benetako kontrolik egin. Enpresak ireki eta itxi egin dira, Udalari horren berririk eman gabe». Egindako lanak jarraipena behar duela azpimarratu du, «helburua da Hernaniko enpresa guztientzat araudi bera izatea, hau da, berdintasuna izatea eskubide eta betebeharretan, bakoitzaren ezaugarrien arabera».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!