JOCC-Zikuñako Amak antolatuta, Mikel Astarloza txirrindulariaren hitzaldia izan zen ostegunean Biterin, Iñigo Chaurreau bere lehengusu eta txirrindulari ohiak gidatuta. Astarlozak, gaur egun Euskal txirrindularien artean diztirarik gehientsuena duen pasaitarrak, azaldu zuen Chaurreau lehengusua eta beste langun batzuk bizikletan ikusita nola zaletu zen, eta bizikletan hasi. Behe kategoriatan ibilita Kaikun aritu zen afizionatu mailan, Baneston eta Olarran, eta Ag2-R Frantziako taldearekin eman zuen jauzia profesional mailara. Bost urte bertan eginda, Euskaltel Euskadik fitxatu zuen Pasai San Pedroko txirrindularia eta bertan dabil orain.
Helburua Tourra
Astarlozari agian garaipen haundi bat falta zaio palmaresa osatzeko, baina gainontzean postu on asko ditu eginak. Iazko Tourra izan liteke guztietan garrantzitsuena, 9garren postuan bukatu baitzuen. Aurten postu hori hobetzeko helburua izango du, Biterin azaldu zuenez, eta denboraldia horretara bideratuko du hemendik aurrera. Hala ere, denboraldia indartsu hastea gustatzen zaio txirrindulari pasaitarrari, «egindakoa eginda geratzen baita» eta orain arteko probetan gerra dezente eman du. Alor guztietan moldatzen da ondo Astarloza: igo ondo egiten da, erlojuaren aurka ere ondo moldatzen da eta indar apurrik badu ez da saiatu gabe zain egon zalea. Ezaugarri horiekin txirrindulari erregularra da Astarloza, eta bere karrerako punturik onentsuenean egon liteke momentu honetan.
Doping kontuak aztergai
Hitzaldian, txirrindularitzaren inguruko gai eta pasadizo asko kontatu zituzten, entzuleen gozagarri. Nola ez, doping-aren gaia atera zen eta Astarlozak zuzen heldu zion, iskin egiteko intentziorik gabe. Bere iritzian positibo ematen duen txirrindulariak zigorra jaso behar du, eta hori horrela da eta horrela behar du. Baina argi utzi nahi izan zuen positiborik eman gabe lasterketatik botatzea edo frogatu gabeko aferetan egoteagatik korritu ezin izana ez dela justua.