Saharako haurrak udan etxean hartzeko kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 10a, 02:00

Udalak herritarrak animatu nahi ditu udan Saharako neska-mutilak etxean hartzera.

HERNANIKO udalak urteroko moduan herritarrak animatu nahi ditu Udan Saharako haur bat etxean hartzera, Oporrak bakean izeneko programaren barruan. Programa Euskadiko Fronte Polisarioko Delegaritzak antolatzen du eta helburua da errefuxiatu kanpamenduetan dauden 7-12 urte bitarteko neska-mutilak udako bi hilabeteetan handik atera eta beste kultura batzuk ezagutzea. Era berean, basamortuko udako bizi-baldintza gogorretatik kanpo bizitzea ere bada helburuetako bat. Udalak ordainduko lituzke Saharatik etorriko liratekeen sei haurren bidaia eta asegurua. Izen ematea eta bilera informatiboa Udalak interesa duten familiei jakinarazi die maiatzaren 30era arteko epea dutela informazio zehatzagoa jasotzeko. Maiatzaren 28an, bilera informatibo bat ere egingo dute, Biterin, eta maiatzaren 19tik 30era Saharari buruzko erakusketa izango da leku berean. Izena emateko edo informazio gehiagorako telefono hauetara deitu daiteke: 943 33 70 17 eta 943 33 68 02. Udalak familiak animatu nahi ditu esperientzia aberasgarri honetan parte hartzera.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!