Alderdi ezberdinek aurrekontuei buruz egindako balorazioa:

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 10a, 02:00

Gobernu Taldea (HAI): «Aurrekontuak babes zabalagoarekin onartzea denon gustokoagoa litzateke»

GOBERNU  taldeak (Hernaniko Abertzale Independentistak) aurrekontuak onartutako Plenoan adierazi zuen, aurrekontuak babes zabalagoarekin onartzea nahi zukeela. Aurrekontuen eztabaidan «edukietara bideratutako oposizioa» izatea nahi luketela ere azaldu zuen. Horrekin  lotuta, aipatu zuen etikaren inguruan hitz asko entzun direla azken aldian, eta «gauza askotan iritzi ezberdinak dituzten alderdiak bat eginda ikusi»  ahal izan direla.
Bestalde, Gobernu taldeak  esan zuen leporatu izan zaiola hainbat proiektu ez dituela egin nahi, eta hori denborak erakutsiko duela.
Bukatzeko esan zuen eginak behar zuten zenbait proiektu martxan jartzen ari direla, «agian nahi baino beranduago» baina egiten ari direla.


PSE-EE:
«Aldaketa bakarra izan da, Gobernu taldeak alderdi batekin negoziatu duela, bere abstentzioa lortzeko»

PSE-EEk Plenoan azaldu zuen, bere iritzira, onartutako aurrekontuek eta hasierako zirriborroak alde bakarra dutela: «Gobernu taldeak oposizioko alderdi batekin negoziatu duela, bere abstentzioa lortzeko». PSE-EEk dio bere alderdiak emendakin partzial ugari aurkeztu dituela eta denak baztertu egin direla, «EBren abstentzioak eraginda». Alderdi sozialistaren ustez, horren eraginez aurrekontuetatik kanpo geratu dira, besteak beste, honako proiektu hauek: arreta zerbitzurako lehiaketa bakarra, Karabel urbanizatzeko bigarren fasea eta  giza eskubideen aldeko ekintza programa. 
Bukatzeko dio, gehiengoaren onarpen falta izan dela EBren emendakinak onartzeko arrazoia eta, hori dela eta, zalantzan jartzen du Gobernu taldeak hauek aurrera eramateko duen interesa.    


EAJ-PNV:
«Aurrekontu parte hartzaileak izateko, gainerako alderdiekin ere adostu beharko lirateke»

EAJren iritzira, herritarren parte hartzea zalantzan jartzen dute aurrekontuek, «izan ere, herritarren parte hartze gunerik garrantzitsuena hauteskundeak dira, eta aurrekontuak gainerako alderdiekin adostu beharko lirateke».  Horrez gain gai zehatzak aipatu zituen:  galdu egin dela aukera Villa Politenan alberge bat egiteko, eta Plaza eta  Tilosak urbanizatzeko proiektuek ez dutela aurrera egin, ezta Karabel urbanizatzeko bigarren faseak ere, ezta Sagardo Guneak ere; aipatu zuen Ereñotzun zaborraren kudeaketarako froga pilotu bat egiteko partida gordetzea ez zaiola ondo iruditzen, San Markosek jar dezakeelako dirua. 
EAJk Kirol patronatuan aurkeztutako emendakin guztiak bertan behera geratu direla ere aipatu zuen.


EA:
«Azken urtea ikusita, ez dugu gauza onik espero»

EAk Plenoan aipatu zuen, udalaren azken urteko martxa ikusita, ez duela «ezer onik espero», eta adi egongo dela aurrekontuak nola kudeatzen diren ikusteko.


EB:
«Gutxinaka joan behar da»

EBk adierazi du gutxinaka egin behar direla gauzak, «ez lirateke aurrekontuetan sartu behar gero egingo ez diren gauzak».


PP:
«Aurrekontu hauek aurretik proposatu zirenen berdinak dira»

PPk aipatu zuen aurrekontu hauek aurretik aurkeztu zirenen berdinak direla, eta orduan aurkeztutako osoko emendakinean esandakoa mantentzen duela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!