TXOTX batzordeak aurtengo txotx denboraldiaren inguruko balorazio egin du, batzordeak argi utzi nahi izan du gauzak ez direla urte batetik bestera guztiz aldatzen, eta dioenez, «aurtengoa ere ezin esango dugu akats gabea izan denik, baina ezta gaizki joan denik ere».
«Urratsak eman dira»
Txotx Batzordean dabiltzanen iritzira, aurreko urteetako lanak segida izan du aurten eta eman diren pausoek hobetze bidean lagundu dute. Adibide bezala aipatu dute, kalean kristalik apenas ikusi dela, eta horrek dakarren arriskua neurri batean saihestu dela. Egindako kanpainak ere eragina izan duela uste du batzordeak «jendea ohartu da Hernanin ez dagoela nahi dena egiterik eta ez gaudela hortaz edozer onartzeko prest». Hala ere, batzuk oraindik ere hortaz jabetu ez direla azaldu du: «40 lagunek kalean pixa egiteagatik isuna jaso behar izan dute ohartarazteko, baina bere fruituak eman dituelakoan gaude». Udalak jarritako baliabideek denboraldia eramangarriagoa egin dutela ere uste du batzordeak, «aurten apustu berezia udaltzain taldea osatzea izan da, propio denboraldirako indartu baino, urte guztirako indartu eta esperientzia gehiago duen taldea osatuz, egoerari hobeto erantzun nahian, eta uste dugu asmatu dela».
Denboraldi luzea
Jende kopuruari erreparatuta, batzordeak dio aurten jende asko etorri dela eguerdian, honen inguruan dio eguerdiko jendetza eramangarriagoa dela. Denboraldia bera oso luzea izan dela ere aipatu du, «apirilean askok espero baino jende gehiago etorri baita sagardotegira». Jende gehiena aldiz, otsaileko azken asteburuan eta martxoko aurrenekoan etorri dela dio batzordeak. Orokorrean jende kopuru aldetik aurtengoa iazkoaren antzekoa izan dela azaldu du. Balorazio orokorra eginez aipatu duenez, «beste urteen antzera denboraldiak onetik izan du txarretik baino gehiago, nahiz eta jakin jende etorrera deskantsuarekin ezkontzen zaila dela». Bi alde horiek uztartzeko lan egiten jarraitu behar dela azpimarratu du batzordeak.
Eztabaida partehartzailea
Txotx denboraldiaren inguruko bilerak ere aipatu ditu batzordeak balorazioa egiterako garaian, «ezin esango dugu jendetza bildu denik bilkura hauetan, baina izan dira interesa erakutsi duten herritarrak eta abiapuntu modura ezin dugu balorazio txarrik egin». Batzordeak bide honetan sakondu behar dela uste du.
Edan ostean kotxea erabili
Batzordeak kezkatzen duen zerbait da, asko edan ostean autoa hartzen duen jendea, «autobusean asko etortzen dira, baina baita beste asko kotxez ere». Herri barruko autobus zerbitzua motz geratu dela uste du batzordeak, jende askok erabili baitu, baita taxi zerbitzua ere. Etorkizunean horiek nola hobetu pentsatu behar dela azpimarratu du batzordeak. Denboraldian zehar borrokak eta ondasunei eragindako kalteak izan direla aipatu du, «ez asko zorionez, eta balantzan batzuk eta besteak jarrita, Txotx Batzordean uste dugu aurtengoa ez dela aurrekoen oso ezberdina izan, onerako pausuak ematen jarraitu dugula eta aurrerantzean ere bide beretik lanean jarraitu beharko dugula». Bukatzeko dio, hori horrela izan dadin denek lagundu dutela, eta hori dela, batzordeak eskerrak eman nahi dizkie bizilagunei eta txotxarekin zerikusia duten guztiei.