BITERI kultur etxea eta Udal Euskaltegiko teilatuetan eguzki plakak jarri dituzte duela gutxi. Atzo eman zuten ekimen honen berri Marian Beitialarrangoitia Alkateak eta Olatz Urrutibeaskoa Ingurumen Teknikariak. Bi eraikin hauen barruan pantaila batzuk jarri dituzte, erakusten dutenak, plakak zenbat energia aprobetxatzen ari diren eguzkitik; plakak jarri zirenetik zenbat kWh sortu diren; eta zenbat C02 botatzea sahiestu den, hau da, zenbat kutsadura gutxiago sortu den. Asmoa da plakak aukera ematen duten udal eraikin guztietan jartzea, eta hori dela eta, azterketak egiten ari dira posible den edo ez jakiteko. Azterketa hauen arabera, Udaletxean, Ereñotzuko Txirrita Eskolan, Musika Eskolan eta igerileku irekietan ez da posible izango eguzki plakak jatzea. Baina, kiroldegiko eta ongintzako eraikinaren teilatuan jartzerik izango da. Honen bidez lortu nahi da gutxiago kutsatzea, izan ere kiroldegian, esate baterako, ura berotzen ohiko bideetatik lortutako energia ugari kontsumitzen da, eta horrek kutsadura sortzen du.
EVErekin hitzarmena
Azaldu zutenez, ekimen hau EVErekin (Ente Vasco de la Energia) 2005ean sinatutako hitzarmenetik dator. Hitzarmen honen funtsa da, gutxiago kutsatzen duten energia sistemen aldeko apustua egitea. Iaz eguzki plaken inguruko hitzarmen zehatza sinatu zen.