Antziola berrurbanizatzea aurrekontuetako inbertsio nagusia

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 10a, 02:00

Astearteko Plenoan onartu ziren 2008ko Udal Aurrekontuak, Gobernu taldearen aldeko botoekin. Patronatuak kontuan hartuta 34 milioi euro inguruko aurrekontua da aurtengoa.

2008ko Udal Aurrekontuak onartu dira aste honetan Plenoan, Gobernu taldearen (Hernaniko Abertzale Independentistak) aldeko botoarekin. EB abstenitu egin zen eta gainerako alderdiek, PSE-EE, EAJ-PNV, EA eta PPk kontra bozkatu zuten. Azkenean Alkatearen kalitatezko botoarekin onartu ziren aurrekontuak. Luze jo du aurrekontuak onartzeak. Gobernu taldeak urte hasieran aurkeztu zuen aurreneko aurrekontu proposamena, baina oposizioko alderdi gehienek osoko emendakinak aurkeztu zituzten eta Gobernu taldeak bigarren proposamen bat aurkeztu zuen. Bigarren proposamen honetan, aurrekotik ez da aldaketa haundirik izan, igerileku estaliak haunditzeko proiektua bertan behera geratu dela salbu, kiroldegiaren inguruko azterketa sakon bat egin bitartean.


38 emendakin, 7 onartuak

Aurrekontu hauetan oposizioko alderdiek aurkeztutako 38 emendakinetatik 7 txertatu dira, besteak beste: EAJ-PNVk aurkeztutakoa, parte hartzearen inguruko diru partida gutxitzearen aldekoa; EBk aurkeztutako emendakina, AMHER elkarteari diru laguntza igotzekoa; EBk aurkeztutako beste bat, Udalak lurrak eskuratzeko partida sortzearen gainekoa; alderdi ezberdinek aurkeztutakoa, Arau Subsidiarioak berridazteko partida sortzeko; eta Ave Maria Villa ingurua txukuntzeko partida jaistea, EBk aurkeztutakoa.


Inbertsio nagusiena Antziolan

Inbertsioen atalari erreparatuta, Antziola berrurbanizatzeko proiektua da 2008ko aurrekontuetan sartu den inbertsiorik haudiena. Etxebizitzak erosteko eta lokalak etxebizitza bihurtzeko partida ere sartu da inbertsioen atalean, eta hainbat parke eta berdegune berreskuratzeko partidak ere bai, esaterako, Villa Ave Maria eta Villa Politena ingurua.



UDAL AURREKONTUA: (28.601.432 euro):

  • SARRERAK, besteak beste:

- Zergak: 6.293.607 euro.
- Transferentziak (Erakunde ezberdinetatik
etortzen den dirua, Jaurlaritza, Diputazioa, Estatua....): 13.726.015 euro.
- Hirigintza aprobetxamenduetatik aurreikusten diren diru sarrerak: 420.000 euro.
- (...).

  • GASTUAK, besteak beste:

- Pertsonalean: 7.302.171 euro.
- Ondasun arrunt eta zerbitzuetan (materiala, telefonoa, publizitatea, argitalpenak, kanpainak....) 8.454.782 euro.
-Transferentzia arruntak (hainbat erakunde,
zerbitzu eta elkarteri zuzendutako dirua: udal autobusa, Behemendi, EUDEL, kale borrokako biktimentzako laguntzak, haur eskola, talde
ezberdinei hitzarmen bidez ematen zaizkien diru laguntzak....) 5.213.967 euro.
- Kapital transferentziak: 743.387 euro.
- Kirol Patronatuarentzat, 459.787 euro.
- Ongintza Patronatuarentzat, 243.600 euro.
- Behemendirentzat, 40.000 euro.
- Inbertsioak: 6.016.187 euro, besteak beste:
- Lurrak eskuratzeko, 583. 933 euro.
- Landa eremuak eskuratzeko, 50.000 euro.
- Etxebizitzak erosteko eta lokalak etxebizitza
bihurtzeko, 400.000 euro.
- Antziola auzoa berrurbanizatzea,
1.478.016 euro.
- Azterketak (Karabeleko zubiko proiektua, Arriatsu, Arau Subsidiarioak egokitzea), 800.000 euro.
-Villa Ave Maria. Ideia lehiaketa eta obrak,
100.000 euro.
- Monfort, Villa Ave Maria parkeari 230 m2 gehitu eta pareta egin. 100.000 euro.
- Pana parkeko pareta, Balantxako jaitsiera aldera 300.000 euro.
- Villa Politena parkea egokitu, etxea bota, ideia lehiaketa eta obrak.300.000 euro.
- Aiako Harria parkerako, 30.000 euro.
- Argiteria jartzea (Irubide-Fagollagan, Latsebistan, Ereñotzu-Kamineroetxen, Sorgintxulo-Latsunben eta Latsunben linea
elektrikoa jartzea), 115.000 euro.
- Santa Barbarako Harrigoainpea lorategia berritu 7.000 euro.
- Goiz Eguzkiko lorategiak egokitu 10.500 euro.
- Ubarrotora ura eramatea 123.700 euro.
- Kaleras berritzea, 200.000 euro.
- Etxeberri-La Cumbre bidea, 160.000 euro.
- Florida Zubiondo arteko lur azpiko pasabidea egokitzea, 90.000 euro.
- Irisgarritasunerako (mobilidaderako) lau
urteko plana, 12.000 euro.
- Fagollaga-Ereñotzu oinezkoen bidea,
220.000 euro.
- Jauregi-Zapiain bidea, 15.000 euro.
- Hondakinak kudeatzeko proba pilotua, 350.000 euro.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!