ehu Hernani Vigon izan da asteburu luze honetan, Espainiako 1. mailarako igoera fasea jokatzen, beste bost talderekin batera. Hernaniarrak hirugarren postua lortu dute, Soria eta Valery Karpin taldeen atzetik, jokatutako 5 partidutik 2 irabazi eta 3 galduta. Hirugarren postuan geldituta, Hernanik badu oraindik igotzeko aukera, baina beste faktore batzuek esango dute hori: beste igoera faseak nola bukatu diren, goiko mailatik zenbat talde jaitsiko diren... laster jakingo da gauza zertan den. Bestalde, igotzeko aukera izanda ere, hernaniarrek ondo pentsatuko dute zer egin, horrek suposatuko bailuke astebururo kilometro asko eta asko egitea.
Hiru egunetan bost partidu
Hernaniarrak oso gustora dira Vigon egindako lanarekin. Hiru partidu galdu dituzte, baina oso parekatuta ibili dira emaitzetan, eta denak hartu dituzte estu. Ostiralean, Errioxaren kontra 1-3 galdu zuten, eta Noia taldeari 3-0 irabazi. Larunbatean Valery Karpin taldearen kontra 0-3 galdu zuten, eta Jovellanosen kontra 3-1 irabazi. Azkeneko partidua, Soria irabazlearen kontra, 1-3 galdu zuten.