Hasi da nagusien mailako Gipuzkoako trainerila liga, eta Hernani-Koxtapek 10garren postuan bukatu du, Orio irabazlearengandik 41 segundura. Hernaniarrak Koxtaperekin batera atera dute trainerila, eta gero traineruan ere haiekin ariko dira. 15 trainerila aritu ziren lehendabiziko estropadan, eta aurrera, gehiago izango dira.
Batelen liga bukatua
Batelen denboraldia bukatu da, eta emaitza aldetik uzta oparorik bildu ez duten arren, elkarteko arduradunak oso gustora daude gaztetxoek izan duten hobekuntzarekin, «Orain erronka, daukaguna mantendu eta ahal den heinean haztea izango da». Gaztetxoekin lanean hastea zuten aurtengo helburua, eta horretaran aritu dira Egape ikastolako eta Langile ikastolako umeekin, Soin Heziketako orduetan lanean. Bestalde, udarako ikastaroen barruan arrauna sartzeko asmoa ere badute; aurrerago emango dituzte horri buruzko nondik norakoak.
San Joanetan batel estropada
Aurtengo San Joanen bueltan, ekainaren 21ean, Fermin Etxeberria zenaren omenezko estropada egingo dute Elorrabi parean, inguruko klubetako taldeen artean.