Euskaldunok egunkarietan bai, baina mapetan ez gaudela aspaldi esan zuen baten batek. Hala ere, uste gutxienean, munduko edozein bazterretik hurbiltzen da baten bat hemengo berri jakin nahi duela. Halaxe etorri da oraingoan Suitzako telebista bat, duela gutxi euskal kulturari buruzko erreportai bat egiten ibili baitira gurean, Hernanin besteak beste. Beste asko bezala, Euskal Herriari buruzko zenbait topikorekin etorri dira eta aho bete hortz bueltatu.
Uste baino lan gehiago
Antza denez, ezusteko polita hartu dute suitzarrek galdezka hasi direnean eta uste baino lan gehiago izan dute. Besteak beste, bertako jendea elkarrizketatu dute, Euskaldunon Egunkariako zuzendari izandako Martxelo Otamendi, Aritz Laskurain eta Xabier Galartza pelotari profesiona-lak eta Hernaniko Udaleko Malores Etxeberriarekin ere hitz egin dute euskararen normalizazioaz. Herriko kaleetan ere ibili dira irudiak hartzen.
Ezustekoa, bertsotan
Bertsolaritzarekin ezusteko handia hartu dute. Gauzak horrela, Hernaniko bertso eskolako jendea bildu zuten mahai baten bueltan eta bertso mordoska grabatu. Bertan ziren Maialen Lujanbio, Estitxu Eizagirre, Agin Rezola, Jon Iraola, Josu Oiartzabal, Iñaki Zelaia, Iker Osa, Oier Yurramendi eta Unai Agirre, besteak beste. Eizagirrek, bertsotan egiteaz gain, telebistarako ere hitz egin zuen bertsolaritzari buruz.
Erromantxea
Erromantxea Italia iparraldean eta Suitza hegoaldean hitz egiten den hizkuntza da. Komunitate erromantxea txikia da, baina badu bere lekua komunikabideetan. Grabatutakoa Suitzako telebistan emango dute, Suitza osorako. Bost hizkuntzatan emango dute: erromantxez, italieraz, frantsesez, alemanieraz eta euskaraz.