Mendaur, Nafarroako gailurretan itsasoa bistan dela

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 4a, 02:00

Mendiriz mendi Mendiriz Mendik oraingoan proposatutako ibilbidea Nafarroako Ituren etra Arantza herrien artean barrena da. Mendaur mendia, Baztan, Malerreka-Bertizarana eta Bortzirietako behatoki aparta dugu. Gailurrean Trinitatearen baseliza dago, 1692an eraikia (inskripzioan jartzen duenez). Malerrekako eta Bortzirietako lurrak ikusi eta begiratzeko inguruko lekurik onenetakoa da Mendaur mendia. Magalak pagadiz, mendiko larreez eta artaldez osatutako mosaikoak dira.

Nola iritsi Hernanitik

A8 autobidea hartu eta Irungo norabidea jarraitu. Irungo mugara iristean, Berako irteera hartu (N-121A errepidea) eta Donezteberaino joan. Bertan Leitzara eramaten duen errepidea (NA-170) hartu behar da. Ituren herria pasa eta piska bat aurrerago dagoen Aurtitz auzora joan behar da.

Ibilbidearen deskripzioa

Ibilbidea Aurtitz (200 m) auzoan hasten da. Aurtitz Ituren herriko auzoa da eta Leitza eta Doneztebe herriak elkartzen dituen errepidean aurkitzen da. Ituren pasa eta kilometro erdira eskuinera egin behar da Aurtitzen sartzeko. Auzoan sartu eta berehala ezkerrera lehenengo kalea hartu eta piska bat aurrerago bidegurutze bat aurkituko dugu. Berriro ere ezkerrera hartu eta zubitxo bat pasa ondoren PR ibilbidea adierazten duen egurrezko kartel bat aurkituko dugu. Ondo markatutako bide horrek Mendaurreko urtegira (716 m) eramango gaitu. Bideko azken zatia pagadi batean barrena egiten da. Urtegitik Mendaur mendia ikus daiteke eta gailurreko Trinitate ermita ere bai. Aurrez aurre bi pista ditugu. Batak, ezkerrera doanak, Ekaitza mendira eramaten du, bigarrenak, eskuinera doanak, Mendaurrera. Bigarrena jarraitu. Erreka bat zeharkatu ondoren, pista jarraituz, Eskuntxarretako bordara iritsiko gara. Borda honetatik Mendieder eta Mendaurren artean dagoen Buztiz lepora (932 m) eramango gaituen bidezidorra ateratzen da. Lepora iritsi baino piska bat lehenago, Bustintzeko iturria aurkituko dugu, nahi duenak egarria asetzeko leku polita. Lepoan menhir handi eta ederra dago. Lepotik gailurreko bidera eramango gaituen zig-zag eginez doan bidezidorra ikus daiteke. Pasarte estu bat pasa ondoren eskailera batzuetara iristen gara. Hauek igota, gailurreko atzealdera iristen da, eta hemendik minutu batean, Trinitateko ermitara. Gailurreko buzoia ermitatik 20 bat metro urrutiago dago. Arantzara jaisteko Buztizeko lepora itzuli eta ipar aldera joko dugu. Mendieder mendia azpitik pasa eta Arantza eta Sunbillako mugak diren muinoak jarraitu behar dira Azkiko lepora (694 m) iritsi arte. Arantza herria aurrez aurre dugu. Bidea jarraitu eta berehala gara ibilbidearen amaieran.

Kontu interesgarriak

Mendi ederra da Mendaur. Ez dauka aldamenean bera bezalakorik eta ikuspegi zabala eskaintzen du inguruko herri eta bailarena. Leitza aldean hasten den mendikate luze baten amaieran dago eta bera da kate horretan mendi garaiena. Ermita bat dauka tontorrean, aterpe lanak ere egiten dituena. Ermita 1692 urtean eraiki zuten eta bertan hurrengoa irakur daiteke: `Ixilik Jaingoikoaren itza Nere etxea otoitz etxera` Esaten dute, ermitari hiru buelta emanda harri bat eskuan, gero harria teilatura bota ezkero, mutilaguna edo neskalaguna aurki daitekeela. Gailurretik paisaia politaz gozatzeko aukera dago. Euskal Herriko mendi gehienak ikus daitezke, Hiru Errege Mahaitik hasi eta Aizkorriraino. Itsasoa ere ikusten da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!