Gorka Bereziartua
Bi pertsonak osatutako rock taldea. Nola hasi zen Malo?
Ibon Fernandez: Kantak egiten hasi ginen tipo hau eta ni...
´Eltxo` Bajo: ...kalean elkar aurkitu genuen. Ni maketa bat grabatzen aritua nintzen No Name taldearekin, Ibon ezagutzen nuen, eta hizketan hasi, hau eta bestea, ´zergatik ez dugu zerbait kañeroa egiten?` esan eta juntatu egin ginen. Ibonek denbora zeraman kaña zeukan zerbait egin gabe, baina hori da berea, kaña.
I. Fernandez: Bi urte-edo pasa genituen lasai antzean, berak Iruñean ikasten zuelako. Asteburuetan geratzen ginen, kanuto batzuk erre, kantatxo bat egin... besterik gabe. Gero forma ematen joan ginen eta pasa den urtean honek esan zidan: ´Hostia, zer gertatzen da? Zapatila pixka bat eman beharko diogu kontuari, ezta?`. Eta nik: ´Zuk esaten duzuna`. Berak berriz: ´Baina zer, den-denari kaña sartzen hasiko gara?`. Eta nik: ´Baina zer da den-dena?`. ´Den-dena da hemen ari garela gauzak egiten, badauzkagula jotzeko adina kanta eta orain jotzen hasi beharko genukeela`.
Nik aurreko talde batetik, Blind Rock-etik, esperientzia neukan, eta okurritu zitzaidan biok bakarrik jo genezakeela. Txitxa dezente daukan ahots ekipoa daukat hor eta beraz, bateria, baxuaren nahasketa eta kantetan dauden beste soinutxo guztiak hor eramaten ditugu eta guk gitarra jo eta kantatu egiten dugu. Zein da horren bentaja? Ba begira, nik hamazazpi mila banda egin ditut eta denetan problema bera dago: lau arima elkartu behar dituzu nolabaiteko jarraikortasunarekin. Eta, hostia, urteak joan egiten dira, jendea ezkondu egiten da, utzi egiten dute... orokorrean oso zaila da eta bandak desegin egiten dira. Hori kristoren putakeria da, bost tiporen lana izorratu duzulako. Orain berriz, potroetatik ateratzen zaigunean jo dezakegu, hori bai, mentalitate irekiarekin, jendeak egiten duguna entzun eta banda modura jotzeko eskaintzen badigu irekita gaudelako.
E. Bajo: Hori da, gu prest gaude banda modura jotzeko, baina formatu honek eman digu aukera jotzen hasteko. Hau egitea zen, edo jo gabe egotea. Uste dut proiektu polita geratu dela, interesgarria. Gustura ari ginela aprobetxatuta zerbait biziagoa egin nahi izan dugu. Horregatik soinuak, sarrerak, txorradak sartu ditugu.
Kaña egin nahi zenutela diozue, baina horrelako kontuetan ere indarra jarri duzue, ezta?
E. Bajo: Bueno, kontzeptua beti eduki dugu argi: kanta sinpleak, kañeroak, guri gustatzen zitzaizkigunak...
I. Fernandez: Kantek ez daukate zailtasun tekniko haundirik...
E. Bajo: ... bueno, hala ere, buruarekin eginda daude, baina kontzeptu orokorra hori zen: zerbait rockeroa. Guri rock-and-rolla gustatzen zaigu eta kaña.
Kanta batzuk euskeraz egiten dituzue eta besteak erdaraz.
I. Fernandez: Nik normalean ez dut euskeraz hitz egiten, baina rolloa gustatzen zait eta honek, ´Eltxok`, animatu egiten nau. Txorrada bat irudituko zaizu igual, baina nik txikitatik ez dut ondo ikusten eta horregatik entzumena landu dut gehiago. Txikitatik euskera entzun dut eta ondo hitz egiten dut, eta honek esaten dit ´ei, ez zara Cuencakoa, hitz egin ezazu!`.
E. Bajo: Nik normalean hitz egiten dut euskeraz, eta egia da, igual porkulo ematen dizu ez dakien bat euskeraz kantatzen ikustea, baina Ibonek oso ondo daki eta egiten du.
Zuen artean katxondeo haundia nabari da, baina gero kanten letrak oso serioak dira, oso kritikoak.
E. Bajo: Malok badauka rollo anbiguo hori. Kontzertua prestatzen asko dibertitzen gara beti. Musika hori da, ez? Ateratzen zaiguna, gustatzen zaiguna... baina beti saiatzen gara kontzertuetan umore puntua ematen. Txorradak gustatzen zaizkigu, barre egiten dugu...
I. Fernandez: ... nahasketa da azken finean. Gure musika gogorra da, baina gero horrelako gauzak egiten ditugu. Hostia txarra eta katxondeoa nahasten ditugu, hori da gure oinarria.
Kantei ez diezue titulurik jartzen, zenbakia bakarrik. Zergatik?
I. Fernandez: Historia batekin hasten zarenean kontzeptu batzuei forma ematea zaila da. Nik aurretik Mixil taldean jo nuen. Honen antzeko zerbait zen, baina kanta bakoitzak lauzpabost minutu irauten zuen. Musikan asko fijatzen ziren lau tipoei gustatzen zitzaien, baina jendeari luzea egiten zitzaion. Gainera, gitarra, baxua eta ahotsa ginen, ez zegoen solorik, kolorerik... Gogorra zen, guapoa, baina gogorra. Hau haren jarraipena da, baina zuzenagoa. Baldintza modura jarri genuen kantak motzak izatea. Kanten tituluekin berdin: ´titulurik ez, zenbakiak bakarrik` esan genuen. Eta kitto.
E. Bajo: Aurreneko maketan 1, 2, 3, 4 eta 5triz dute izena kantek.
I. Fernandez: 5triz Cicatriz taldearen Eskupe al alcalde kantaren bertsioa da. Zenbakiarekin jokoa egin dugu, ´Cinco-triz`.
E. Bajo: Gero kanta gehiago egiten joan ginen eta bigarren maketan horietako batzuk sartu genituen: 6, 8, 9, 17...
I. Fernandez: ... eta Mal11 [Mal-once]. Lehenengo maketatik bigarrenera bitartean 15-20 kanta egin ditugu. Aurrenekoan bost genituen eta bostak sartu ziren, baina bigarrenean ahotsa lehenbizi hartu zutenak sartu genituen.
Eta hor sartu ez direnak errekuperatuko dituzue?
E. Bajo: Bai noski, kanta horiek hor daude eta aterako dira.
I. Fernandez: Hirugarren eta laugarren maketan sartuko ditugu, motel!
Beste taldeetan ibili zarete Malon baino lehen. Egia da esperientzia lagungarria dela?
I. Fernandez: Mobida hauetan zailena erabakiak hartzea izaten da. Baina hemen nik nire erabakiak hartzen ditut eta berak bereak. Antzekoak gara eta erraz egiten dugu zirt edo zart.
E. Bajo: Bestela erotu egiten zara. Horregatik lehen esan ditugun premisa horiek. Eskema bat hartu genuen, interesgarria iruditzen zitzaiguna, eta horri helduta aurrera egin dugu. Kontzeptu baten gainean lan egin nahi izan dugu: kantak zenbakiekin izendatzearena, hontzen kontu hori...
I. Fernandez: Taldearen aurreneko maketaren azalean hontz bat ageri da, bigarrenean bi, hirugarrenak hiru izango ditu... eta laugarrenean seguruena animaliaz aldatuko dugu!
Zergatik hontzak?
I. Fernandez: Horrela atera zen. Talde hau hasi genuenean bateria-jole bat ere bagenuen, baina bizpahiru aldiz bakarrik etorri zen. Tipoa ordenagailuarekin abila da eta esan nion ea zerbait egitea bazeukan. Behin hontza ekarri zuen eta gustatu egin zitzaigun. Dena oso natural egiten dugu, eta egiten denetik ezer ez da kritikatzen. Hontza ekartzen duzula? Ondo. Kanta hau horrela egin nahi duzula? Oso ondo.
E. Bajo: Gainera zuzenean jotzean behar genituen tarte batzuk deskantsatzeko eta azkenean lagun batek kontu honetaz asko dakienez, hontzei buruzko dokumental moduko bat egin digu.
I. Fernandez: Bost aldiz azaltzen da, lau kanta jotzen ditugun bakoitzero. Atzean musika makineroa entzuten da gitarra rockero batzuekin. Eta horren gainean gure laguna hontzen begiez eta horrelako kontuez hitz egiten.
Zein talde gustatzen zaizkizue?
I. Fernandez: Ez dakit, beti etortzen zait gogora Anestesia, niretzako erreferente bat dira. Iruditzen zait bere errekurtsoak ondo aprobetxatzen dakien taldea dela. Talde bat ikusten duzunean dakiena baino gehiago jo nahian gaizki geratzen da. Anestesiarekin ez da hori gertatzen: Mikel Kazalisek ez du punteatzen baina erritmoa oso ondo eramaten du, baxuak bere lana egiten du eta bateria animalia bat da. Hortxe daukazu bloke bat.
E. Bajo: Asko gustatzen zaigu kontzeptu hori.
I. Fernandez: Eta gero, bospasei kanta segidan jotzen dituzte, gelditu gabe. Argiak itzali, bost minutu eta buelta. Beste bospasei kanta topera, argiak itzali eta beste bost minutura itzultzen dira. Horrelakoak dira Anestesiaren kontzertuak eta guri gustatu egiten zaigu. Batzuetan ez dago jendeari gauza asko esan beharrik. Eszenatoki haundia badaukazu, jende asko, eta lahostia bazara igual publikoarekin hitz egiten hasiko zara, baina hamar-hogei kolega badaude begira gaizki geratzen da. Esateko daukazuna kantatzen esan, eta kito.
Posearen kontua ez dijoa batere zuekin.
E. Bajo: Zuzeneko jarrera badaukagu, rock-and-rolla gustatzen zaigu eta kaña ematera joaten gara. Jendea mugitzea gustatzen zaigu, geu ere mugitzen gara, izerdia botatzen dugu eta ondo pasatzen dugu.
Baina musika ez den guztia alde batera uzten duzue.
I. Fernandez: Bueno, gero letrak irakurtzean jendeak esaten dizu ´aizu, hemen amerikarrei ikaragarrizko zapatila sartu diezu!`. Behar denari egurra ematen diogu, guri ere bizitzak egur asko ematen digulako, zer esango dizut. Ba, nola gu odola atera arte izorratzen gaituzten, behar denarekin sartzen gara kantatzen hastean, eta gero ospa.
Haserrea askatzeko terapia duzue orduan?
E. Bajo: Batez ere hori da. Hona etorri, entsaiatu eta... hostia!
I. Fernandez: Nire kirola da: ezin naiz korrika egitera joan igual hostiatu egingo naizelako; ezin dut bizikletan ibili igual hostiatu egingo naizelako... Eta ezin, eta ezin, eta ezin... Ba hau nire kirola da. Zaila da gaizki ikusi eta bizitzan zure lekua aurkitzea, serio esaten dizut. Nik honetan hogei urte daramazkit eta ez dut behin ere sosik atera. Bi irakurketa egin ditzakezu: edo subnormala naiz, edo hau benetan gustatzen zait. Ba nik uste dut bigarrena dela.
E. Bajo: Egia da, nik historia hau Ibonekin hasi izanaren arrazoietako bat hori da: hostia, Ibonek zuzenekoetan hartzen dituen jipoiak jende gutxik, eh!
Gaizki dago kontua, musikarekin dirua irabazteko, ezta?
I. Fernandez: Askotan pentsatzen jartzen zara ´non jo dezaket nik Euskal Herrian?`. Bi eszena mota daude: gaztetxe-tabernak batetik, eta udalen zirkuitua bestetik. Gu bezalako batzuek zenbat kontzertu egingo dituzte eskenatoki haundi batean? Eta bitartean zer egingo dugu, geldirik egon? Ez. Taberna bat, beste bat, beste bat... 30 euro, 40 euro... Eta batez ere, ikus gaitzatela.
E. Bajo: Hori da, jo egin behar da.
I. Fernandez: Gu horretan gaude. Abuztutik ia egunero ari gara geratzen. Pentsa, 250 egun baino gehiago dira egunero entsaiatzen!