AMR Refractarios S.A. enpresak egoitza berriaren lehendabiziko harria jarriko du bihar, Ibaiondo poligonoan. Ekitaldia eguerdiko 12:00etan dute, eraikin berria egiten ari diren toki horretan bertan, eta bertan izango dira AMR enpresako, Hernaniko Udaleko eta Gipuzkoako Foru Aldundiko goi kargudunak. AMR orain arte Florida auzoan egon da eta laster eraikin berrira aldatzekoa da, Ibaiondora, hain zuzen ere.
2010ean martxan
Espero dute enpresa berria 2010ean martxa betean aritzea. AMRk 100 urte bete zituen 2006an, eta Krosaki Harima talde japoniarrarena da, mundu mailako errefraktario talde garrantzitsuenetako batena. Konpainiako lehendakari den Hideki Furuno Japoniatik etortzekoa da ekitaldira, eta han izango dira Hiroshi Yamamotok zuzentzen duen Hernaniko zuzendaritza taldeko kideak ere.