Hernani Institutuko Batxilergoan aurrematrikula maiatzaren 5etik 9ra

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 3a, 02:00

Hernanin dagoen batxiler eskaintza ezagutze aldera, Hernaniko Institutura jo du Kronikak eta bertako bi arduradunekin hitz egin: Jesus Del Río zuzendari eta filosofia irakaslearekin eta Kontxi Urnieta bertako ikasle ohi eta irakaslearekin.

IES HERNANI BHI. A. Iturriaga -K. Labaka (lehen EPO zena) batxilergo institutu batetik eta lanbide heziketa ikastetxe batetik jaiotako institutu publikoa da. Unibertsitatera joateko ikasketak eta lanbide ikasketak (heziketa zikloak) egin daitezke bertan.

Irailetik aurrera aldaketak
Institutuko arduradunek jakinarazi dute, irailetik aurrera aldaketak izango direla batxiler ereduetan eta Natur eta Osasun Zientzien Batxilergoak eta Batxiler teknologikoak bat egingo dutela. Irailetik aurrera, beraz, Batxiler Zientifikoa eta Teknologikoa izeneko modalitatea izango da bat, Giza eta Gizarte Zientzietako Batxilerra bestea.

Ikasgaien antolaketa
Batxilergoan izen ematen du-ten gazteek modalitate guztietan komunak diren ikasgaiak eman behar dituzte: Euskara eta literatura, Gaztelania, Atzerriko Hizkuntza (Ingelesa) eta abar. Hortik aurrera, batxiler mota bakoitzak baditu bere-berezkoak dituen ikasgaiak, modalitate hori egiteko ezagutu beharrekoak. Horiez gain, aukeran izango dituzte besteak beste, atzerriko 2. hizkuntza eta informatika.

Era guztietako baliabideak
Hernani Institutuko arduradunek azpimarratu nahi izan dute irakasleen prestakuntza, kualifikazioa eta esperientzia. Ekipamendu didaktiko eta teknologikoei dagokienez, arduradunen esanetan, egoitza oso ondo egokitua dago gaur egungo beharretara. Horretarako honako azpiegitura du-te: liburutegia, informatika gelak, laborategiak, heziketa fisikorako instalazioak eta teknologia berriekin prestatutako gelak. Formazioa osatze aldera, ikasleek EGA egiteko aukera izaten dute institutuan bertan, ikastetxeak eskaintzen dien laguntzari esker. Honek izen ematea bideratzen du, eta azterketa prestatzen lagundu, eskolaz kanpoko orduetan. Kultur jarduerak eta eskolaz kanpoko ekintza osagarriak Ekintza kulturalak ere lantzen dituzte institutuan, esaterako, tailerrak, hitzaldiak, ospakizunak eta abar. Aldizkaria ere badute eta antzerki saioak ere egiten dituzte. Horiez gain, institututik kanpo ere egiten dituzte irteerak eta ekintza osagarriak.

Emaitza bikainak
Arduradunen esanetan, ikasleen emaitzak oso onak izaten dira. Batetik, batxilergoa egin eta unibertsitatera joan nahi dutenek Selektibitate froga gainditu behar dute eta institutuko ikaleen ia% 100ak gainditzen du. Hortik, jendeak nahi duen karrerari heltzen dio, sartzeko batazbesteko nota altuak eskatzen dituzten ikasketetan ere, esaterako, injeniaritza edota medikuntza.

Aurrematrikulazioa orain, matrikulazioa ekainean
Aurrematrikulazioa datorren astean izango da, hilaren 5etik 9ra. Institutuan batxiler ikasketez gain, lanbide heziketako zikloak egin daitezke, baina hauen aurrematrikula ekainaren 2tik 13ra izango da. Bai batean, bai bestean, matrikulazio epea ekainaren 30etik uztailaren 4ra izango da eta irailean hasiko dira biak.

Nondik hasi eta non bukatu
Arduradunen esanetan ikasle batek ikasketak aukeratzen dituenean argi izan behar du nora iritsi nahi duen: uniber-tsitatera, lanbide heziketara... Kontua da, hori ez dela hain erraza eta askotan zalantza izaten dela nagusi. Batzuek argi izaten dute Batxilerra egin nahi dutela; beste batzuk, ordea, nahiago izaten dute Lanbide Heziketako Erdi Mailako Ziklo bat egin. Azkeneko kasuan, gero Goi Mailako Ziklo bat egin nahi izanez gero, institutuan badute aukera ‘sarbide froga’ esaten zaiona egiteko. Alegia, Erdi Mailako Ziklo bat eginda, badago modurik Goi Mailako Ziklo batera pasatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!