EHU Hernanik Igoera Faseko txapelketa hasiko du bihar Vigon

Kronika - Erredakzioa 2008ko maiatzaren 1a

EHU Hernanik mailaz igotzeko fasera iristea lortu du aurten ere, taldeak duen mailaren seinale. Txapelketa Vigon izango da, bihartik igandera, eta Hernanik beste bost talde haundiren kontra neurtu beharko ditu indarrak. Hernaniarrek txapelketa gogorra espero dute, kontuan hartuta bi egun eta erdian bost partidu jokatu beharko dituztela. Txapelketa liga modura jokatuko da eta denek denen aurka jokatuko dute. Igotzeko postu bakarra dago jokoan.

Maila haundiko aurkariak
Txapelketako faborito Vigo Valery Karpin taldea dela azaldu dute taldeko arduradunek, «goi mailako taldea dute eta diru aldetik arazorik ez dute, era berean Galizia aldean boleibol giro haundia dago». Sporting Soria ere talde arriskutsutzat du Hernanik: «Soria aldean, azken hamarkadan, Liga Profesionalean taldea dute eta hiriburu txikia izan arren, boleibol giro aberatsa dute». Hernaniarrak beti bezala ahal dena egitera joango dira, baina argi dute ez dela txapelketa erraza izango: «afizio eta diru aldetik gainditu egiten gaituztela argi dago, baina hernaniarrok ilusioa eta gogoa dugu gure alde».

Bi egun eta erdian bost partidu
Hernaniarrek bihar goizean jokatuko dute aurreneko partidua Errioxako Unibertsitatearen kontra. Bi taldeak elkarren ezagunak dira eta aurtengo ligan elkarren kontra jokatutako partiduetan, garaipen bana lortu dute. Bigarren partidua bihar arratsaldean izango da, Noia taldearen kontra. Hernanik ez du taldea asko ezagutzen, baina argi dute ez dutela lan erraza izango. Hirugarren partidua larunbat eguerdian izango da Vigo Valery Karpin taldearen kontra. Esan bezala, talde faboritoa da eta partidu zaila espero da. Arratsaldean, Jovellanos taldearen txanda izango da. Talde hau ere ez du asko ezagutzen Hernanik, baina jokatutako partidu guztien ondoren maila fisikoak zer esan haundia izango duela garbi dago. Azkeneko partidua Sporting Soriaren kontra jokatuko du Hernanik. Talde hau ere ez dute ezagutzen etxekoek, baina partidu erabakigarria izan daitekeenez, dena eman beharko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!