Baina, noren ondoan nago eserita?

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 29a, 02:00

Baina, noren ondoan nago eserita? EAJ-PNV udal gobernu taldeko kide zenean, saiatzen zen oposizioarekin ados jartzen aurrekontuen proiektua idazterakoan. Gobernu talde berri honek, dagokion legitimitatearekin, ez du bilatu hainbeste erabilitako Partehartzea, eta gainera, EBko zinegotzia kide ezin hobea izan du: aurrekontuak aurrera eramaten utzi die ezer eskatu gabe. Ez dago EBren emendakinik ANVren botoa behar izan duenik onartua izateko, oposizioak babestu dituelako.
     Aldiz, batzuetan abstenituta, bestetan aurkako botoa emanda, ez da udal zorra txikitzerik izan. Ez dira 2008ko aurrekontuetan sartu: plaza eta Tilosetaren eraberritzea, Karabeleko 2. fasea, Etxeberriko 1. fasea, alde batera uzten du Sagardo Etxearen proiektua... Ezker Batuak onartutako proiektuak hain zuzen, aurreko legegintzaldian, gobernu taldeko kidea zenean. Era berean, ez du babestu monumentu bat egitea terrorismoak eragindako biktima GUZTIAK gogoraraziko dituena, eta ez du utzi hernaniar GUZTIEN giza eskubideak defendatuko dituen ekintzen programa bat egiten.
     Eta hori gutxi balitz, EBk bizi dituen kontrol ezak, pasotismoak eta interes faltak eraman ditu 2007ko aurrekontuetan sartu zuten ideia bat ez babestera: ‘Santa Barbara fuertea berreskuratzea eta museo bihurtzea’. Egitasmo hau lehen kulturako zinegotzia zenak eta orain EBko zinegotzi bakarra denak sartu zuen 2007ko aurrekontuetan. Zergatik ez ditu bere proiektuak ere babesten, eta zergatik onartzen du gobernu taldeak nahi duena egitea? Nire ustez ezin dira bi aurpegi izan, eta gaur gertatu denarekin, ziur nago lau urtetan EB iruzur egiten aritu dela EAJ-PNV eta EAri, eta azkeneko hauteskundeetan, hernaniarrei.

Andoni Amonarraiz
EAJ-PNVko zinegotzia
(Erredakzioan euskeratua)

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!