AMR berriko lehen ladriloa

Kronika - Erredakzioa 2008ko mai. 6a, 02:00

Enpresa berria izango den lekuan, Ibaiondo poligonoan, obrei hasiera emango dien ekitaldia egin zuten atzo AMR enpresako arduradunek eta instituzioetako ordezkariek.

AMR Refractarios S.A. ladrilo fabrika berria egiten hasiak dira Ibaiondo poligonoan, eta atzo ekitaldi ofiziala izan zuten, enpresako lehen harria jartzekoa. Floridan dago gaur egun AMR Refractarios enpresa, orain 102 urte sortu zenez gero, eta behin obrak bukatzean, Ibaiondo poligonora eramango dute. Enpresa lekuz aldatzeko proiektuaren oinarria da, «deserosoak izan litezkeen industriak» herrigunetik kentzea. Industriaren ordez, etxeak joango lirateke Florida auzoan. Hernaniko Udalak eta Foru Aldundiak ahalbidetu dute enpresa lekuz aldatzea eta atzo bertako ordezkariek hartu zuten parte ekitaldian, AMRko ordezkariekin batean. AMRek gaur egun ladrilo refraktarioa egiten du erabat, bero haundia aguanta lezakeena. Burdingintzarako, porlangintzarako, kobregintzarako eta kristalgintzarako labeetarako ladriloa egiten dute Hernanin; egindakoaren erdia pasatxo estatuan saltzen dute, eta gainontzekoa esportatu egiten da.

«Beste 100 urterako garapena izan dadila»
Krosaki Harimam Co (KHC) japoniar taldearena da AMR Refractarios enpresa, multinazionalak Europan duen lantegi bakarra. 1989 urtean erosi zuen KHC-k eta bertako presindente den Furunok hitz egin zuen atzoko ekitaldian. Eskerrak eman zizkien Udalari, Foru Aldundiari eta Etorlur-i, «guztion lankidetzari esker ospatu baikenezake gaur ekitaldi hau». Furanok esan zuen atzoko ekitaldian konpromezu bat hartu zela, «beste 100 urteko garapenerako». Hemendik aurrera, eraikina egin, makinaria jarri eta fabrika berria martxan jarri behar dela azpimarratu zuen KHCko presidenteak, eta eraikina egiten parte hartu behar duten guztiei segurtasuna oinarri hartzeko dei egin zien.

«Hernanirentzat garrantzitsua da»
Marian Beitialarrangoitia Alkateak hartu zuen ondorenean hitza eta azpimarratu zuen, legealdi honen aurretik zetozen eta bultzada bat behar zuten proiektuen artean zegoela AMRko egitasmoa. Lekuz aldatzea Hernanirentzat garrantzitsua dela esan zuen, «eta batez ere Florida auzo inguruan bizi direnentzat eta AMR enpresan lan egiten dutenentzat. Lehen multzokoek enpresa kokalekuz aldatuta bizi-kalitatea eta ingurumena hobetzeko aukera paregabea ikusten dutelako eta bigarrenen kasuan etorkizuna ziurtatzen duelako lantegi berriak». Bi arrazoi hauek garrantzitsuak izan direla azpimarratu zuen Beitialarrangoitiak «alkate modura nire esku zegoen bultzada emateko». Hernaniko herriaren izenean eskerrak eman zizkien Alkateak «egitasmo garrantzitsu hau gauzatzen lagundu duzuenoi».

«Denok irabaziko dugu»
Markel Olano Diputatu Nagusia ere izan zen ekitaldian eta nabarmendu zuen, AMR enpresak ehun urte pasa baditu ere, lekuz aldatu eta berrituta, «berrikuntza eta etorkizunaren aldeko apostua» izan litekeela. Olanoren hitzetan, esperientziak denontzat izango ditu onurak: «enpresa eta kalitatezko lanpostuak egonkortuko direlako; enpresa proiektua egituran eta tenokologian indartuko delako eta horrek produkzioa eta lehiakortasuna haundituko dituelako; horrekin batean, hiriko berrurbanizazioa ahalbidetuko duelako, Florida bezalako leku garrantzitsu bat deskongestionatuta. Bukatzeko etxeak eginda etxebizitza arazoari irtenbide garrantzitsu bat emango zaio».

Ordezkari ugari
Atzoko ekitaldian, Alkatea, Diputatu Nagusia eta KHCko presindeteaz gain, instituzioetako eta AMRko ordezkari ugari bildu zen Ibaiondon, besteak beste: opozizioko alderdietako udal zinegotziak, Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garraio sailburuordea eta Yamamoto AMR enpresako presidentea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!