LARUNBATEAN bukatu zen Dantzari Festaren 13garren edizioa, talde ezberdinetako dantzari txikien emanaldiekin. Ttarla, Ibarla Meaka, Anoeta, Ereintza, Eskola, Talaia eta Trebeska dantza taldeetako 260 dantzaritik gora bildu ziren larunbatean herrian, eta eguraldiak lagunduta dotore egin zuten dantza, Hernaniko kaleetan barrena. Dantzari Festako antolatzaileak festa baloratzeko bilera egitekotan dira, baina adierazi dutenez, pozik daude aurtengo Dantzari Festak izan duen harrerarekin. Antolatzailek pozik azaldu dira festak hartu dituen bi asteburuetan eguraldi bikaina egin duelako, eta kalean egiteko ekitaldi ugari zeudelako.
Emanaldiek harrera ona
Biteri kultur etxean izan diren emanaldiek ere oso harrera ona izan dutela azaldu dute. Ostiralean Gero Axular taldeak eskainitako emanaldian Biteri areto nagusia bete egin zuen, baita larunbatean, Kresala taldeak eskaini zuen Sokadantza emanaldiak ere. Azpimarratzekoa da gainera Gero Axular taldeak Hernaniko himnoaren inguruko dantza egin zuela propio, Hernanin egin behar zuen emanaldirako.