Ikasle jendea fuerte dator teknologia berriei dagokienean. Gazte-gaztetatik hasten dira ordenagailuen munduan murgiltzen eta beren eguneroko lan erreminta gisa erabiltzen dute, garai batean boligrafoa eta papera bezalaxe. Ordenagailua ez da ordea, lan erreminta hutsa, are gutxiago gazteentzat. Ordenagailua informazio iturri erraldoia izateaz gain, komunikazio tresna ikaragarria bihurtu baita. Bertan, jendea ezagutzeaz gain, nork bere burua ematen du ezagutzera, bakoitzak bere hausnarketekin, galderekin, abildadeekin eta abar. Bestalde, denbora da Hernaniko Dobera Euskara Elkarteak herritarrei bere web orrian blogak jartzeko aukera eman ziela. Ikastaroak egin izan dira, duela gutxi azkena, jendeak blogak nola egin ikasi eta bereak sortzeko. Horretarako baldintza bakarretakoa zen bloga euskaraz izatea. Eta euskara da hain zuzen, bi esparru hauek lotu dituena. Izan ere, institutuan badago ikasleen artean euskararen erabilera indartzeko helburua duen sail bat dute. Hain zuzen, sail hau izan zen Dobera elkartearekin harremanetan jarri zena. Asmoa zen, zerbait erakargarria egitea, ikasleen interesa piztuko zuena, ikasteko, gozatzeko eta euskaraz egiteko, eta hara non, teknologia berrien esparrua jorratzea bururatu zaien.
Ikusi eta ikasi
Institutuko ikasleek blogen mundua ezagutu dute eta pauso bat baino gehiago eman ere bai. Horrez gain, euskarazko aplikazio eta hain ezagunak ez diren euskarazko programak ikasteko aukera izan dute. Besteak beste, blog bat sortzen eta kudeatzen ikasi dute; baita blogetan bideoak eta argazkiak sartzen ere; firefox euskerazko nabigatzailerik erabiliena ezagutu dute, eta beste zenbait zerbitzu ere bai: bideoak jartzeko tresnak (euskaltube), irudiak gordetzekoak (flickr) eta sareko entziklopedietan informazioa sartzen (wikipedia).
Zer, nori, nork
Gustura aritu dira ikasleak eta dagoneko blog mordoska egin eta jarri dituzte www.dobera.com atarian. Guztira 60 bat ikasle aritu dira, batxillergoa egiten ari diren hiru taldetakoak. Ikastaroa Gorka Juliok eman du, Elurnet enpresako kideak. Eta antolatu, Doberak eta Institutuak antolatu dute elkarlanean.
Musika, kirola...
Berehala jarri dute ikasitakoa sarean ikasleek eta dagoeneko sortu dituzte zenbait blog eta Doberako komunitatean sartu, kirol edota musika taldeei buruzko blogak, esate baterako.
Berrogei blogetik gora www.dobera.com helbidean
Dagoeneko 40 blogetik gora daude jarrita Doberako atarian. Batzuk berriak dira, institutuko ikasleenak kasu; hor jarri dituzte beren egileek International law film edota enfinxerafin izenenekoak.
Beste asko lehendik zeuden, batzuk aspalditik, beste batzuk berriak, eta era askotakoak dira, esaterako, Ereñotzuko Olak elkartea, Zubieta-SOS, Ziku bitxigintza tailerra, Kabuki edota La Lores delakoaren bloga.