ADREILUZKO eraikin altuen artean laino zikinak ziraun geldo bat zirudien XIX. mendeko Chicagon. Michigan laku ondoko hiria Estatu Batuetako hazkunde industrialaren sinboloa zen, lantegi handien artean dorre izugarriak egin ziren urte gutxian; kaotikoa, bizia, gogorra... 1886an kasik ahazturik zegoen hamabost urte lehenago hiriaren gehiengoa suntsitu zuen sute handia. Louis H. Sullivan arkitekto modernistaren esku bizkorrari esker biltegi erraldoiak, burtsa eta building bereziak eraiki ziren, eta horien artean trenbide eta gurdi trafikoak ez zuen etenik. Etorkizun aberatseko hiria zen Chicago. Baina 1886an, AEBetako kapitalismoaren ikurra zena munduko langile borrokaren eszenatoki bihurtu zen. Haymarket-eko plazan bonba batek eztanda egin zuenean lehertu zen dena. Errepresio gogor hark itzal luzea utzi zuen, urtero maiatzaren lehenean langileen aldarrikapenaren itxurarekin azaltzen den fantasma.
Estatu Batuak: Langile borrokaren epizentroa
Chicagon gertatua ez zen kasualitatea izan, ezta bizitzaren paradoxa bat ere. AEBetan aspaldi ari zen egosten langileen eskubideen aldeko mugimendua. Gaur egun ideologia kontserbatzailearen eta kapitalistaren abangoardia den herrialdean, sozialismoak eta anarkismoak hirietako sektore pobreetan indar handia zuen XIX. mendean. Alemania, Italia, Errusia edota Irlandatik joandako milaka etorkin egoera oso kaxkarretan bizi ziren, altzairu fabrika edo ikatz esplotazioen gatibu, 18 orduko lan egunak egin behar izaten zituzten askotan. Hain zuzen, zortzi ordutako lan eguna eskatzeko antolatu ziren 1886ko greba eta manifestazio handiak. Berez, horrela behar zuen, baina enpresariek ez zuten betetzen legeak agindutakoa. Langile gehienak sindikatu berezi batean zeuden elkarturik (Lanaren Zaldunen Ordena Noblea), baina benetan indarra egiten zuena American Federation of Labor izeneko sindikatu sozialista zen. Elkarte honek proposatu zuen 1886ko maiatzaren 1ean zortzi orduen aldeko mobilizazio orokorrera jotzea. Jakina, Zaldunen Ordenak asmo horren kontra egin zuen, eta prentsa kontserbadoreak zer esanik ez: «Guztiz erotu dira!» esaten zuen Filadelfiako egunkari batek. Baina denek zuten langileen haserrearen berri.
Haymarket, edo konspirazio zitala
Maiatzak 1eko aldarrikapenak arrakasta itzela izan zuen. Leku askotan langileek ez zuten grebara jo beharrik izan enpresariek eskaera de facto onartu zutelako. Beste batzuetan mobilizazio ikaragarriak egin ziren: New Yorken, Cincinnatin, Baltimoren... 200.000 lagun greban. Dena den, hiri batzuetan istiluak izan ziren. Chicagon, langileek McCormik nekazal-makinen enpresako eskirolen kontra egin zutenean Pinkerton polizia pribatua tiroka hasi eta hainbat pertsona hil ziren. Gertaera larri horiek salatzeko, maiatzaren 4ean protesta gehiago egin ziren hirian eta arratsaldean mitina antolatu zuten Haymarket plazan. Poliziaren jarrera begibistakoa zen, mitina amaitzean ehundaka agentek manifestariak inguratu zituzten eta bat-batean bonba bat lehertu zen eta polizia bat zerraldo utzi. Gaur egun aski frogatua dago bonba hori poliziaren eskuetatik jaurti zela, hau da, konspirazio bat izan zela ondorengo errepresio basatia justifikatzeko. Poliziak tiroka erantzun zuen eta hildako ugari izan zen plaza hartan. Hurrengo egunetan sindikalisten ehiza sutsuari ekin zioten eta ehundaka lagun atxilotu zituzten komunikabideek xaxaturik. Euskal Herriko prentsara iritsitakoa irakurtzea besterik ez dago nolako giroa sortu zen jakiteko, hara zer zioen Diario de San Sebastián-ek: «Harrapatuak izan dira Chicagon gehiegikeria ugari egin dituzten sozialistak. Atxilotu gehienak atzerritarrak omen dira».
Chicagoko martiriak
Aste batzuk beranduago sindikalista anarkista garrantzitsuenen kontrako epaiketa hasi zen. Irregulartasunez beteriko auzi eskandalagarri baten ostean (ez zuten frogatu auzipetuak Haymarketen izan zirenik ere), horietako bost urkamendira kondenatu zituzten eta beste hiru bizitza osorako kartzelaldira. Ordutik «Chicagoko martiriak» deitu izan zaie buruzagi anarkista horiei. Harrigarria dirudien arren, Estatu Batuetan maiatzaren lehenean ez da ospatzen langilearen egunik, irailaren lehen astelehenean baizik. Agintariek sustatu zuten bigarren data hori, antza, Chicagoko gertaerek utziko zuten lorratzaren beldur baitziren. Eta badirudi asmatu zutela.