Bihar, apirilak 28, Lan Osasunaren Naziarteko Eguna da eta LAB sindikatuak lanuztea eta kontzentrazioak deitu ditu 12:00etatik 13:00etara. Lan batzuek hil egiten dute eta besteek ez digute bizitzen uzten izan da aurtengorako LABek aukeratu duen leloa eta gogora ekarri du 2007an 125 langile hil zirela lan istripuetan Euskal Herrian eta aurten, dagoeneko, 33 langile hil direla. Horrez gain, 2007an 60.000 lan istripu izan zirela ere nabarmendu du LAB sindikatuak. Kontzentrazioak Gudarien Plazan, Lastaola poligono sarrerako errotondan eta Eziago poligonoan izango dira eguerdian. Arratsaldean, berriz, LAB eta Elkartzenek bat egingo dute Zinkoeneako kontzentrazioan, «prekarietateak hil egiten du» lemarekin, arratsaldeko 19:00etan.
«Istripu guztiak ekidin litezke»
LAB eta Elkartzenek azpimarratu dute, lan istripuak ez direla «zerbait normala eta saihestezina», istripu guztiak ekidin litezkeela «nahi izanez gero». Patronala eta «gor-mutu jokatzen duten administrazioak» dira LAB eta Elkartzenen iritzian hemen izaten diren laneko heriotzen arduradunak, «patronalak prekarietaterik gordinenera eta segurtasun faltara kondenatu nahi baikaitu». Euskal Herriko bazter guztietan mobilizatu eta borrokarako dei egin dute «gure osasuna eta bizia defendatzeko modu bakarra horixe delako», eta langile guztiei bihar ordubeteko lanuztea egiteko deia luzatu diete.
Bizitzen utzi ez
Lan istripuek heriotza ekar dezaketela dio LABek, eta beste zenbait kasutan lan baldintzek ez digutela bizitzen uzten ere nabarmendu du «eta pixkanaka-pixkanaka gure osasuna galtzen dugu». Langile askok «arrisku ergonomikoak, arrisku kimikoak, zarata...» jasaten dituztela dio sindikatuak eta ondorioak jakinekoak direla: «sorbalda, bizkar edo besoko mina, arnasteko arazoak, alergiak, entzumen galera...». Horrez gain, langile askok lanean bizi duten egoera gogorra dela dio LABek, «lan zama haundiak, lana bukatzeko epe motzak, erritmo azkarrak, gure lanarekiko kontrol gutxi, enkargatu autoritarioen modu txarrak eta presioak, bortizkeria fisiko eta psikologikoa...». Egoera hauek lan eremu guztietan izaten direla azpimarratu du LABek.
Neurri ezagunak
Lan istripu eta gaixotasunak ekidin edo ebitatzeko neurriak ezagunak dira LABen ustetan, baina «estadistika beltzak» urtero errepikatzen dira. «Langileon bizia da arriskuan dagoena eta honekin ezin da jolastu, ezin da patronalaren diruzalekeriaren menpe egon» adierazi du.