Hexion enpresak Hernaniko lantegia isteko hartutako erabakiaren aurrean, LAB sindikatuak bere ikuspuntua eman du Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Sindikatu abertzalea Enplegu-erregulazioko Espedienteak negoziatzearen kontra azaldu da, enpresak irabaziak baititu LABen esanetan. Hexion enpresako langileek enpresarekin espedienteak negoziatzea erabaki zuten, joan den astearteko bileran, eta LABek jakitera eman du erabaki hori ez duela konpartitzen, nahiz eta errespetatu.
«Ezin dugu onartu irabaziak dituzten enpresak lekuz aldatzea»
LAB sindikatuak azaldu du Hexionek urteak daramazkiela dirua irabazten Euskal Herrian dituen bi lantegietan (Hernanikoa eta Arabako Lantaronekoa). Iaz aitorturiko irabaziak bi miloi eurokoak izan direla ere azpimarratu du sindikatuak. Horren harira dio, ezin dela onartu irabaziak edukita enpresek Euskal Herritik alde egitea «horrek industria eremuan kalitateko lanpostuen behin betiko galera ekartzen baitu».
LAB Sindikatuaren adierazpena puntuz puntu
- Irabaziak dituzten enpresetan Enplegu-erregulazioko Espedienteak negoziatzearen kontra dago LAB.
- Hexionek urteak daramatza irabaziak ateratzen Euskal Herrian dituen bi lantokietan. 2007an aitorturiko irabaziak ia bi miloi eurotakoak izan dira.
- Hernaniko lantokiko balizko itxiera HEXIONen ardura da, 2008/2/28an espedientea aurkeztu baitzuen.
- Langileek espedientea onartzeko eskaintza zen: 33 egun lan-urteko, 42 hileko mugarekin, eta aurre-erretiro plan bat 55 urtetik gorakoentzat, 61 urterekin erretiratzeko.
- Espedientea negoziatzeari uko eginda, enpresak eskaintza honela hobetu zuen: 45 egun lan urteko, 42 hileko mugarekin, eta hobekuntzak aurre-erretiro planerako.
- 2008/04/11ean Lakuan izandako bileran Eusko Jaurlaritzako Lan saileko arduradunek adierazi ziguten Hernaniko lantokiaren itxiera langileekin adostearen aldekoak zirela.
- 2008/04/21ean Lan Ikuskariarekin (Estatuko Administrazioa) izandako bileran, berak adierazi zigun egin behar zuen txostena Hexion-Hernaniko lantokia ixtearen aurkakoa izango zela.
- Hexioneko abokatuak Lan Ikuskariarekin egin zuen bileran adierazi zuen langileekin adostasunik egon ezean espedientea erretiratuko zutela.
- 2008/04/22an, hurrengo egunean, enpresak itxierarako eskaintza hobetu zuen honela: 48 egun lan-urteko, 42 hileko mugarekin, eta erretiroak 62 urterekin.
- 2008/04/22an, 14.00tan Hexioneko langileek, asanbladan bildurik, enpresarekin espedientea negoziatzea erabaki zuten, bozketaren emaitza: 18 bozka aldeko, 14 bozka aurka eta abstentzio bat.
- L.A.B. sindikatuak Hexioneko langileek hartu duten erabakia errespetatzen du baina ez du konpartitzen.
- Ezin dugu onartu enpresetako leku aldatzea, irabaziak edukita Euskal Herritik alde egiten dutenena, Reickik, Michelin, Moulinex, Dura Automotive eta orain Hexion adibide direla; horrek industria eremuan kalitateko lanpostuen behin betiko galera ekartzen baitu.