PSE-EEk osoko emendakina aurkeztu die Udal Aurrekontuei, argudiatuta Gobernu taldeak bi hilabeteren ondoren, aurrekontu bera aurkeztu duela. PSE-EEk kezka agertu du, uste duelako aurrekontuan agertzen ez diren, eta oraindik ere zehaztuta ez dauden, beste hainbat egitasmo osatuko dituela Gobernu taldeak. Horregatik uste du aurrekontuak «onartuta ere ez dutela baliorik izango, kreditu aldaketa puntualak eginez agertzen ez diren egitasmoentzako partidak sortuko baitira». Auzo ezberdinetako obrei buruzko kezka ere agertu du alderdi sozialistak, tartean aipatu ditu Zikuñaga eta Etxeberri auzoak txukuntzeko obrak, Karabel urbanizatzeko bigarren fasea eta Villa Politeko etxeetako bidea. Gobernu Taldeak bultzatuko parte hartze prozesuei buruz dio, «aurretik onartu eta gustoko ez dituen proiektuak geldiarazteko oinarri bezala» erabiltzen dituela.
Emendakin zehatzak PSE-EEk
Aurrekontuei emendakin zehatzak ere aurkeztu dizkie. Honakoak dira eskariak:
• Etxeberri eta La Cumbre lotuko dituen biala egiteko partida bat sartzea.
• Karabel berrurbanizatzeko (2. fasea) partida bat sartzea.
• Villa Ave Mariarako joan den legealdian aurkeztutako proiektua errespetatzea.
• Babes ofizialeko etxebizitzak egiteko lurrak erosteko 400.000 euroko partida sartzea. • Arau Subsidiarioak Diputazioak egindako eskarietara egokitzeko testua idaztea. Horretarako diru partida bat sartzea aurrekontuetan.
• Diru partida bat sartzea aurrekontuetan, plan bat osatzeko. Plan horren bidez zehaztu eta koordinatuko lirateke, udaletxeko sail ezberdinetan egin beharreko ekintzak, herritarrenganako harreta zerbitzua egokitzeko.
• Sail ezberdinetan adostutako batzorde informatzaileak egitea.
Patronatuetako emendakinak
Ongitza eta Kirol Patronatuetako Aurrekontuei emendakin zehatzak aurkeztu dizkie PSE-EEk. Ongintza Patronatuaren kasuan etxez etxeko laguntza zerbitzuari dagokio. PSE-EEk azaldu du 140 herritar daudela zerbitzu hau jasotzeko zain. Nahiz eta eskari guztiari erantzutea ezinezkoa iruditzen zaion, diru partida gehitzea eskatu du, urgentziaz laguntza behar duten herritarrak atenditzeko. Kirol Patronatuaren kasuan hiru emendakin partzial aurkeztu ditu PSE-EEk: auzoetan kirola egiteko azpiegurak egiteko partida bat sartzea; Landaren argia jartzeko diru partida bat sortzea; eta Kirola denentzako programarako diru partida bat sortzea, kirol federatutik kanpo kirola sustatzeko.