Antton Zabala eskalatzaile hernaniarrak bigarren postua lortu zuen joan den larunbatean Zarautzen, Euskal Herriko bulder txapelketan. Meritu haundiko postua da 19 urteko Hernaniko eskalatzailearena, lehen urtea baitu aurten senior mailan. Bera ere ezustean hartu du emaitzak GARA egunkariak egindako elkarrizketan azaldu zuenez. Bere helburua finalean sartzea zen, baina ez zuen pentsatzen bigarren postuan sailkatzeko moduan izango zenik. Anttonek txapelketan gustora ibili zela dio, sentsazio onak izan zituela sailkapen fasean. Finalean jendearen presioak urduritu egin zuten hasieran pixka bat, baina aurrera egin ahala, gozatu zuela aitortu du Hernaniko eskalatzaile gazteak.
Sari ugariko ibilbidea
Antton Zabalak sari ugari lortu ditu, Euskal Herri nahiz Espainia mailan, eta Nazioarteko txapelketetarako ere sailkatu izan da gazte kategoriatan. 20 urtez azpikoetan Espainiako Kopa bat irabazia du eta 18 urtez azpikoetan Espainiako azpitxapeldun ere izana da, besteak beste. Asteburukoa, berriz, nagusi mailan parte hartzen duen lehen lehiaketa da, eta emaitza ez da nolanahikoa izan!
Zailtasuneko Euskadiko Txapelketa
Zabala ez dago geldirik egotekoa eta hurrengo txapelketa prestatzen hasia da dagoeneko: Zailtasuneko Euskadiko txapelketa, hilabete barru.