27 inputatu dituen prozesu
bat martxan jarri da 18/98
prozesuaren ondoren. Epaiketaren lehenengo egunean defentsa juridikoari uko egingo zeniotela azaldu zenuten
epailearen aurrean.
Zer balorazio egiten duzue?
Urrats berri bat eman dugu Auzitegi Nazionalaren aurrean, defentsa juridikoari uko egitea. Jarrera ez da bat batekoa izan, hausnarketa sakon bati erantzuten dio. Amnistiaren Aldeko Mugimenduan urtetan lanean ari garenok auzitegiaren funtzionamendua ezagutzen dugu, oso gertutik. Azkeneko epaiketak erreferentzia izan dira, gazteen kontrako epaiketa, Segi, Jarrai eta Haikaren kontrakoa, eta 18/98 auzia. Erabaki hau hartu dugu ez soilik ikusten dugulako justiziarik ezin daitekeela egin, ikusten dugulako Auzitegi Nazionala errepresioaren engranajean pieza fundamentala dela: errepresioari legalitate itxura ematea da bere funtzioa, bai atxiloketa momentutik, bai inkomunikazioa aplikatzeko garaian, torturatu eta frogarik geratu ez dadin; eta torturapeko testimonioei balio juridikoa emanez sententziatan.
Zehazki zer esan nahi du defentsa juridikoari uko egiteak?
Etsaiak frogak mahai gainean jartzen dituenean, defentsa horiek desmontatzen eta kontrako frogak aurkezten saiatzen da. Prozesu horri uko egingo diogu. Uste dugu ez dugula zertan azaldu behar zergatik salatzen dugun tortura, zergatik parte hartzen dugun presoen ongi etorrietan eta abar. Guk ezin dugu onartu lan sozial eta politikoa fiskalizatzea. Ezin da fiskalizatu elkarte bat sortzeko eskubidea, biltzeko eskubidea, manifestazioak antolatzeko eskubidea eta adierazpen askatasuna. Auzitegi Nazionalak hori nahi du, baina guk esaten diegu ezetz, ez diegu utziko. Daukaten ahalbide bakarra da gu kondenatzea, hori bakarrik, baina ez dute lortuko inoiz gu epaitzea. Hori esaldi bat baino gehiago da.
Zein eragin izan dezake uko egite horrek, sententzian?
Ez dakigu erangingo duen ala ez; gure helburua da errepresaliatuen egoera agerian uztea, horrek kezkatzen gaitu, ez gu kartzelara goazen ala ez. Kezkatu behar gaituena da, 734 preso daudela, inoiz izan den kopururik altuena; ilegalizatuta dauden elkarte eta enpresak gero eta gehiago direla herri honetan.
ETAko presoen kolektiboa
kontrolatzea, presoak eta ETAren arteko zubi izatea, presoak
abokatuekin harremanetan
jartzea, presoak diruz laguntzea leporatzen dizuete, baita ETAko kide izatea ere. Zer duzue esateko akusazio horien inguruan?
Aurreko sumarioei erreparatuta, nola itxiko dute egunkari eta irrati bat haien ildo editoriala gustoko ez dutelako? Ezin dute, demokrazia itxura mantendu beharra daukate. Hori egiteko erabiltzen duten argudioa da, erakunde horiek ETAk kontrolatzen dituela. Berdina gertatzen da gurekin, nola ilegalizatuko dituzte erakunde guztiak, Senideak, Askatasuna, Amnistiaren Aldeko Batzordea, erakunde guzti horien jarduna garbia izan bada, gardena? Jende aurrean aritu gara, komunikabideen aurrean eta abar. Eta zer egin dugu? Errepresioari aurre egin, mobilizazioak antolatu, informazioa plazaratu espetxe politikari buruz eta abar. Ezin dute hori kriminalizatu eta erabiltzen duten aitzakia da ETAko kide garela. Eta zergatik 27 eta ez 27.000? Hori baita Amnistiaren Aldeko Mugimendua: errepresaliatu guztiak, senideak... Honekin bilatzen dutena da salaketa itzaltzea eta elkartasuna itzaltzea. Azken batean egin dugu 1977tik hona egin duguna Amnistiaren Aldeko Mugimenduan, zergatik da 2001etik aurrera delitua, eta ordura arte ez? Kontua da salaketa kaletik kendu nahi dutela, salatzen duen edonor barruan sartzen dute. Aurreko sumarioak ikusita eta oraingo hau, sententzia emanda dago, eta ez guretzako bakarrik, ez gara gu inputatu bakarrak, salaketa lana egiten duen edonorentzat izan daiteke sententzia bera.
Zer eragin izan dezake epaiketa honek Amnistiaren Aldeko Mugimenduan?
Guzti honen ondorio logikoa izango da Amnistiaren Aldeko Mugimendua, Askatasuna eta Etxerat berrindartzea. Epaiketa honek erakusten du Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren premia haundia dagoela. Mugimendua desagertzea oso erraza da; errepresioa desagertzen bada, gu desagertuko gara. Guk ez dugu fokoa guregan jarri nahi, baizik eta errealitate osoan, errepresaliatuengan. Fokoa hor jarriz gero, jende gehiago mugituko da eta mugimendua berrindartuko da.