Bozeramaile Batzordeak atzera bota zituen bi mozio

Kronika - Erredakzioa 2008ko api. 26a, 02:00

Bozeramaile Batzordea bildu zen atzo Udaletxean, eta ikusminik haundiena sortu zuten bi mozio eztabaidatu zituzten bertan, PSE-EE eta EAJk aurkeztua bata eta EAE-ANVk aurkeztua bestea. Bi mozioak atzera bota zituen Bozeramaile Batzordeak. Bestalde, hirugarren mozio bat ere izan zen EBk aurkeztuta, eta hori onartu zuten.

Bi mozioak

Mozioetako bat PSE-EEk eta EAJ-PNVk aurkeztu zuten «bakea eta normalizazio politikoaren alde egiteko». Mozioa ez zen onartu: PSE-EE, EAJ-PNV, EA eta PPren aldeko botoa izan zuen, baina EAE-ANVren aurkakoa eta EBko zinegotzia abstenitu egin zen. Mozioak «giza duintasunaren errespetua» du oinarri eta «eta bertatik datozen eskubide eta askatasunak, bereziki, bizitza eskubidea». Giza eskubide guztiak errespetatzea eskatzen du, eta «aniztasun politiko, sozial, ideologiko eta identitarioa». Bide politikoak erabiltzearen aldeko apustua azpimarratzen du eta bortizkeria erabiltzea kondenatzen du. Mozioak «ETAren jarduera terrorista, azkeneko atentatuak eta azken komunikatuan botatako mehatxua» salatzen ditu eta puntu horiek onartzen ez dituzten udal ordezkariei dimititzeko eskatzen die. EAE-ANVk aurkeztutako mozioa ere ez zen onartu, EAE-ANVren aldeko botoa, baina gainerako alderdi guztien aurkakoa izan baitzuen. Mozioak oraingo egoeraren irakurketa egiten du, eta besteak beste dio, EAE-ANV Udaletxean egotea herritarrek erabaki zutela hauteskundeetan. «Ezker abertzalearen aurka aurkeztu litezkeen zentsura mozioak herri borondatearen aurkakoak» izango direla nabarmentzen du. Madrilen ilegalizazio prozesua gauzatzen den bitartean, «hemen, Euskal Herrian, legez kanporatzeko prozesu paralelo bat» martxan jarri nahi dela ere nabarmentzen du. Bost puntu eskatzen ditu mozioak, eta besteak beste esaten du, egoera politikoa konpontzeko giltza autodeterminazio eta lurraldetasunaren arazoei irtenbidea ematea dela, eta euskaldunek beren etorkizuna erabakitzeko eskubidea dutela.

EBren mozioa

Izkutuagoan pasa zen hirugarren mozio bat ere eztabaidatu zuten atzo, EBk aurkeztua eta alderdi guztien aldeko botoekin onartu zen. Apirilaren 28a Lan Osasuneko Nazioarteko Eguna da eta gai horren inguruko mozioa izan zen, lan baldintza duinen aldekoa.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!