Plenoa izan zen atzo Udaletxean, eta besteak beste Txantxillako Hiri Antolamenduko Plan Berezia onartu zuten. Obren hasiera oraindik urruti egon liteke, baina pausoz pauso, tramiteak gauzatzen ari dira. Txantxillan, 178 etxebizitza dituzte egitekoak (56 babes ofizialekoak, 33 hitzartuak eta 89 libreak), eta Axalako sarrera-irteera lekuz aldatuko dute.
Etxeberriko hitzarmena
Txantxillako egitasmoaz gain, Etxeberriko Oriamendi Kooperatiba eta Udalaren arteko hitzarmen berria ere onartu zuen atzoko Plenoak, oposizioko alderdien aldeko botoekin eta EAE-ANVkoen aurkakoekin. Etxeberriko etxeetatik Politena atzeko etxeetara bidea egiteko okupatu beharreko orubeen ingurukoa da hitzarmena. Lurrak hartzearen truke, Udalak zenbait konpromezu hartu ditu hitzarmenak dioenez, besteak beste, bi hauek: La Cumbre eta Politena etxea lotzeko bidea egiteko konpromezua; eta Trenbide azpiko pasabidea berregokitzeko obrak egiteko konpromezua.
Bi adierazpen
Atzoko plenoan bi adierazpen ere onartu zituzten, alderdi guztiek aho batez. Lehenengoa, Chernobilgo sarraski nuklearraren ingurukoa da. Hogei urte bete diren honetan, adierazpen instituzionala onartu zuen aho batez plenoak, orduan gertatutako sarraskia gogoratzeko. Bigarren adierazpena Gehitu Euskal Herriko Gay, Lesbiana, Bisexual eta Transexualen Elkarteak aurkeztu zuen eta plenoak onartu. Bertan, ez-legezko proposamena onartu zen, maiatzaren 17a Homofobiaren eta Transfobiaren kontrako Borrokaren Nazioarteko Eguna izendatzearen alde. Izan ere, maiatzaren 17an beteko dira 18 urte Osasunaren Munduko Erakundearen Batzar Nagusiak homosexualitatea gaixotasun mentalen zerrendatik ezabatu zuenetik.
Izen aldaketa
Atzoko plenoko beste puntuetako bat EAE-ANVko udal taldearen izen aldaketaren berri ematea izan zen. EAE-ANVko ordezkariek Hernaniko Abertzale Independentistak eratu dute.