Akordeoia jazz munduan murgiltzeko ahalegina egin du Iñaki Diéguez musikari irundarrak eta ahalegin horren emaitza ikusteko aukera izango da gaur, 19:30etan, Sandiusterrin, Udal Musika Eskolak antolatuta. Iñaki Diéguez Hirukotea taldea izango da Hernanin. Irundarrarekin batean, Ritxi Salaberria eta Igor Telletxea izango dira kontrabajuan eta baterian. Kontzertuan estilo ezberdinak nahastuko dira: tangoa eta boleroa, fandangoa, Ezpata Dantza eta arin-arina, jazz klasikoa oinarri hartuta.
Ibilbide luzea
Iñaki Diéguezek ibilbide luzea du akordeoi munduan, 9 urterekin hasi baitzen instrumentu hau jotzen. 1993an, akordeoiko goi mailako ikasketak burutu zituen eta urte berean zenbait sari lortua da. Bakarlari gisa kontzertuak eman ditu hemen bertan eta kanpoan (Frantzia, Alemania, Mexiko...), eta hainbat orkesta sinfonikorekin aritua da. Musika klasikoan aritu ondoren, jazz, folk eta bestelako musiketan murgildu da. Gaur, Crossing time lana aurkeztuko du.