Bozeramaile Batzordea izango da ostiralean Udaletxean eta bertan mozio bat aztertuko da, ETAren atentatuak salatzen ez dituzten zinegotziei dimititzea eskatzeko. EAJk PSE-EEren jarrera salatu du, Hernaniko Kronikara bidalitako prentsa ohar batean. Alderdi Jeltzaleak dio Udalean EA, PSE-EE eta EAJ akordio batetara iritsi zirela Bozeramaile Batzordea izango zen egunaren gainean, baina ostiralera atzeratu dute. EAJren hitzetan, Euskadiko PSEk esan zuen adostutako egun hori ez zela egokiena, «eta Hernaniko PSE-EEk hori akatatu eta egunez aldatzeko eskaera egin du, EA eta EAJ eguna aldatzearen aurka zeudela jakin arren».
«Manipulatuak sentitzen gara»
Hernaniko EAJ-PNVk dio manipulatuak sentitu direla, eta erabat gutxietsiak, «mozioak dioenaz gain, beste zerbait bilatzen duten pertsonengatik». PSEk mozio honekin beste zerbait bilatzen duela uste du EAJk, eta jokabide hauekin lortzen duten bakarra aukera politiko desberdinetako herriko politikoen arteko harremana arrarotzea dela. «Gainera, uste dugu, ordezkari politikoen artean hartzen diren akordioak bete egin behar direla, eta beraz, akordioa lortzeko goiko instantzietara deitu behar bada, akordioa lortu aurretik egin behar da, eta ez ondoren».
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!